“Euskadi Josten”, “Erronkak Berrikuntza Irekia” irabazi duen moda jasangarriko proiektua, aste honetan hasiko da Barakaldon

Gaur hasi eta ostiralera arte, ehun-hondakinekin egindako diseinuen erakusketa izango da ikusgai Barakaldoko LHko Hallean, ingurumen-kontzientzia eta ekonomia zirkularra sustatzen dituen joskintza-lehiaketa berritzaile horretan parte hartzea sustatzeko.

"Ideia horrek erakutsi du Berrikuntza Irekiaren Erronken Lehiaketako 'Berrikuntza Ekinean' saria merezi izateko osagai guztiak dituela", adierazi du Amaia del Campo Barakaldoko Alkateak.

Barakaldo, 2026ko martxoaren 23a

“Euskadi Josten 2026”, Barakaldoko Udalak bultzatutako “Erronkak Berrikuntza Irekia” lehiaketaren azken edizioan “Berrikuntza Ekinean” saria lortu zuen moda jasangarriko lehiaketa, aste honetan jarriko da martxan Barakaldoko LH zentroko Hallean ehun-hondakinekin egindako diseinuen erakusketa batekin. Helburua da modan interesa duten eta gizarte- eta ingurumen-kontzientzia duten pertsonen parte-hartzea sustatzea, taldeka, EAE osoan egingo den lehiaketa berritzaile honetan parte hartzeko.

“Tokiko talentua babestea, ekonomia zirkularra bultzatzea eta ingurumen-kontzientzia sustatzea dira gure Berrikuntza Irekiko Erronken lehiaketaren oinarrizko hiru helburuak”, ziurtatu du Amaia del Campo Barakaldoko Alkateak. “Ideia horrek erakutsi du beharrezko osagai guztiak dituela joan den hilean lortu zuen 'Berrikuntza Ekinean' kategoriako saria merezi izateko”, zoriondu da.

Barakaldoko LHko erakusketa, lehenengo aste honen ondoren Halletik Jantzigintza moduluko gela batera eramango dena, hainbat fasetan banatutako prozesu baten hasiera markatzen du. Apiril osoan zehar irekita egongo da izena emateko epea lehiaketa honetan parte hartu nahi duten guztientzat. Lehiaketak “Euskadi Josten 2026” izen ofiziala izango du eta EAE mailan egingo da, Araban eta Gipuzkoan antzeko ekimenak eginez.

Izen-emateak jaso ondoren, hasiera batean parte-hartzaileak hautatu eta taldeak osatuko dira, belaunaldien arteko taldeak sortzea sustatzeko. 

Ondoren, hautatutako pertsonak asteburu batean bilduko dira prestakuntza- eta lankidetza-esperientzia bat bizitzeko, eta tokiko enpresa bat ere bisitatuko dute prestakuntza teknikoko saio bat jasotzeko. Barakaldoren kasuan, "masterclass" hori maiatzaren 30ean izango da, Javier Palacios diseinatzaile barakaldarraren atelierrean. Javier Palaciosek Bainu Modaren Sari Nazionala irabazi zuen 2023an. Etapa honetan, jantziak diseinatzeko erabiliko diren materialak hautatuko dituzte, eta beren lehen zirriborroak egin ahal izango dituzte.

Hurrengo fasea "zuzeneko lehiaketa" izango da. Bertan, taldeak zuzenean egiteko erronkan lehiatuko dira, 4 orduko mugarekin, publikoari irekitako ekitaldi batean, Barakaldon. Aurreikuspenen arabera, desfilea egingo da pasabidean, urriaren 3aren inguruan, larunbata. Talde irabazleko parte-hartzaile bakoitzak 200 €jasoko ditu tokiko merkataritzan gastatzeko.

Azkenik, lehiaketa honetako talde garaileek, Bizkaia ordezkatuz, final handian parte hartuko dute, Gipuzkoako eta Arabako irabazleekin batera. Aurkeztutako diseinuen desfileez gain, azken ekitaldi honetan hainbat mahai-inguru egingo dira eta, azkenik, sariak banatuko dira.

"Berrikuntza Ekinean"

"Euskadi Josten" Duara Agentziak "Barakaldo Erronkak Berrikuntza Irekia" ekimenaren bigarren ediziorako aurkeztutako ekimena da. Barakaldoko Udalak sustatu du eta Bilbao Metropoli 30ek koordinatu. Epaimahaiak "Berrikuntza Ekinean" saria eman zion ideia horri, gizarte eta ingurumen kontzientzia sortzeko, tokiko talentua aktibatzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko duen gaitasunagatik, diseinatzaileak, dendak eta herritarrak lotuz.

"Ekimen honekin, Barakaldo moda jasangarriko proiektu disruptibo batean erreferente gisa kokatzeko aukera dugu, eta, beraz, are zentzu handiagoa ematen diogu parte-hartze irekiaren aldeko apustuari", amaitu du Alkateak.

Harpidetzak hemen https://linktr.ee/EuskadiJosten2026

SUBIR