El Regato Ikastetxeak “bidaia historikoen” agentzia bat sortzeko proiektua, STARTinnova ekintzailetza-programaren 3. saria

Barakaldoko alkate Amaia del Campok harrera egin dio gaur udaletxean El Regatoko Batxilergoko 2. mailako taldeari, bere proposamen berritzaileagatik aintzatespena lortu baitu.

Barakaldon, 2022ko martxoaren 04a

Alkateak ziurtatu duenez, “lan egin duten esfortzuak eta ilusioak ez dute sari hau bakarrik merezi, baizik eta ekintzailetzaren bidean jarraitzeko gure babes osoa ere merezi dute”. 

Garbiñe Gómez, Asier Arbizu, Nerea Sánchez eta Jon Calleja El Regato ikastetxeko Batxilergoko 2. urteko ikasle gazteek osatutako lantaldeari harrera egin diote gaur goizean Barakaldoko udaletxean Amaia del Campo alkateak. Gazteek iritziak partekatu dituzte alkatearekin, joan den asteazkenean STARTinnova programaren hirugarren saria eskuratu ondoren. Pertsonaia historikoen ibilbideetan oinarritutako bidaia-agentzia bat abian jartzean datza proposamena. 

“Ideia ekintzaileek ez dute adinik, ezta iraungitze-datarik ere, eta, beste behin ere, zortea dugu Barakaldon pertsonak izateko, 16 edo 17 urteko gazteak, gaur hemen lagun ditugunak bezalakoak, egunero erakusten digutenak”, adierazi du alkateak, saria jaso duen taldeari eta Arantza Basurko irakasleari harrera egitean.

El Regatoko talde honek aurkeztutako ideia pertsonaia historikoen ibilbideak eskainiko dituen bidaia-agentzia bat sortzean oinarritzen da, bai nazio mailan, bai nazioartean. Bere kudeaketa-planaren arabera, zerbitzu hau kontratatzen duten pertsonek pertsonaia historiko horien bizitza ezagutu ahal izango dute eta ibili ziren lekuak bisitatu, modu ludiko eta bizigarrian. Proposamenean ezartzen duten bezala, bidaiak on-line nahiz leku fisiko batean kontrata daitezke.

Bizkaiko eta Arabako 60 ikastetxe baino gehiagotako 1.673 parte-hartzailek aurkeztutako proiektuen artean hautatu zuten finalista, 16-17 urteko kategorian. Azken fase horretan, beren ideia defendatu behar izan zuten adituen epaimahai baten aurrean. Epaimahai horrek proiektuaren originaltasuna eta bideragarritasuna baloratu zituen, eta bidaia historikoen agentziaren ereduaren aplikazio zehatz bat aurkeztu zuten: Charles Darwinek eboluzioaren teoria landu zuen ibilbide amerikarra.

Banco Sabadell, Bilboko Udala eta Eusko Jaurlaritzaren babesa duen ekimena da STARTinnova, eta EHUk eta TKnikak laguntzen dute. Gainera, hainbat erakunde mentore ditu, eta horien artean dago Barakaldoko Udala. 

Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzendutako programa honek gazteen jokabide ekintzailea sustatu eta garatzea du helburu. Horrela, enpresa-ekintzailetzako, gizarte-ekintzailetzako edo bestelako proiektu bat garatu ahal izateko beharrezkoak diren metodologiak eta tresnak erabiltzeko gaitasuna ematen die ikasleei.

 

SUBIR