Bizkaiak 27,6 milioi euro bideratuko ditu enpresa eta ekintzaileentzako dirulaguntzetara 2022an

Ekonomia Sustatzeko Sailak 19 laguntza-programa prestatu ditu ekintzailetza-, berrikuntza- eta nazioartekotze-proiektuak laguntzeko eta talentua erakartzea eta Bizkaiko enpresei ezagutza transferitzea sustatzeko.

2022ko otsailaren 17a

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak enpresa eta pertsona ekintzaileentzako dirulaguntzen programak aurkeztuko ditu. Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuaren esanetan: «Aurten, aurrekontuko 27.650.000 euro itzuli beharrik gabeko dirulaguntzetara bideratuko ditugu, lehiakortasun-palankak eta Bizkaiko enpresa-ehunaren eta ekosistema ekintzailearen eraldaketa bultzatzeko».

Egoera ekonomikoa aztertu ondoren, Ainara Basurkok azpimarratu du susperraldi ekonomikoa bizkortzeko eta Bizkaiko enpresen eraldaketan sakontzen jarraitzeko baliabide guztiak eskuragarri jartzeko unea dela. Diputatuak azaldu duenez, sailak enpresa-sarearen lehiakortasuna sustatzeko dituen tresna nagusietako bat dirulaguntzak dira. «Enpresa-sarearen lehiakortasuna bultzatzeko asmoz Ekonomia Sustatzeko Sailak ezarri duen ibilbide-orriko puntu bat EAEko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean definitutako espezializazio adimenduneko arloak bultzatzea da: industria adimenduna, energia garbiagoa eta osasun pertsonalizatua. Erronka horretan ari gara sartzen sailaren baliabideak; izan ere, hainbat jarduera-eremutatik heltzen diogu erronkari: dirulaguntzen programetatik hasi eta proiektu estrategikoetaraino».

Beraz, diputatuak eta Joseba Mariezkurrena Enpresa Lehiakortasuneko eta Ekintzailetzako zuzendariak zehaztu duten bezala, aurten 19 dirulaguntza-lerro jarriko dira abian lehiakortasun-palankei lotuta eta, bereziki, Bizkaiko trantsizio estrategikoetan eragingo dutenak: aipatu 19 programek guztira 27.650.000 euro dituzte ezarrita itzuli beharrik gabeko dirulaguntzetarako, ekintzailetza-, berrikuntza- eta nazioartekotze-proiektuak laguntzeko eta talentua erakartzea eta Bizkaiko enpresei ezagutza transferitzea sustatzeko.

2022ko programaren gida

Bizkaiko enpresentzako 2022ko gida enpresentzako eta ekintzaileentzako 16 programek, 24 zerbitzuk eta Seed Capital Bizkaiaren 5 funtsek osatzen dute. Gida horri sektoreko bitarteko eragileentzako programa bat, zentro zientifiko-teknologikoei eskainitako programa espezifiko bat eta profesionalentzako bekak gehitu behar zaizkio.

Dirulaguntzen 19 programak 4 arlotan banatzen dira. Bizkaia eta lurraldeko ekonomia- eta enpresa-sareak garatzen jarraitzeko lehiakortasun-palankak eta ardatz estrategikoak dira: ekintzailetza, berrikuntza, nazioartekotzea eta talentua.

EKINTZAILETZAri laguntzeko sei programa espezifiko ere badaude, guztira 4,6 milioi euroko inbertsioa ekarriko dutenak. Hau da, 2021. urtean baino 500.000 euro gehiago. Programak startup bat sortzeko etapa guztietara zuzentzen dira.

  • Ekintzailetza-ekosistema dinamitzatzea
  • Enpresa proiektuaren bideragaritasuna
  • Enpresa proiektua abian jartzea
  • Enpresa proiektua bizkortzea
  • Bizkaia sortzailea
  • Ekintzailetza eta gizarte-berrikuntza

Bigarren ardatza Bizkaiko industriako eta zerbitzu aurreratuetako ETEetan BERRIKUNTZA bultzatzea da, hazteko eta lehiakortasuna hobetzeko palanka gisa. Enpresentzako 7 programa, bata zentro zientifiko eta teknologikoentzako eta bestea bitarteko eragile sektorialentzako. Guztira, 9 programa, 19.650.000 euro guztira, diru-laguntzetan.

  • 3i, Berrikuntza, nazioartekotzea eta inbertsioa
  • 2i, Berrikuntza eta inbertsioa
  • 2f. Finnatza gastuak
  • Transitzio digitala eta berdea
  • Elkarlanean - bitarteko eragileak
  • Txekeo teknologikoak
  • Kudeabide
  • Teknologia-transferentzia

Hirugarren ardatza NAZIOARTEKOTZEA da. Bi programa izango ditu, guztira 2,2 milioi eurorekin, enpresei merkatu berriak bilatzen laguntzeko, banaka edo partzuergo bat sortuz.

  • Nazioartekotzea
  • Nazioarteko partzuergoak

TALENTUAren eremuan, aurreko ekitaldian abian jarritako programari eutsiko zaio, profesional kualifikatuak eta esperientzia profesional handikoak erakartzea sustatzeko. Programak 800.000 euroko zuzkidura du. Joseba Mariezkurrenak gogoratu duen bezala, punta-puntako unibertsitateetan prestatzeko bekei ere eutsiko zaie; sailak 400.000 euro bideratuko ditu beka horietara.

  • Talentua erakartzea
  • Bikaintasuneko prestakuntza bekak

 

Iturri: Bizkaia.eus

SUBIR