Barakaldok enpresa berriak sortzen laguntzeko ekintzaileei arreta emateko gunea jarri du martxan

Inguralde garapen agentziaren bulego nagusietan ematen den doako zerbitzua da, eta enpresa berriak eratzeko tramiteak errazten laguntzen du. Euskadiko garapen agentzietan, Inguralde da ekintzaileei arreta emateko gune bilakatu den lehena.

Barakaldo, 2018ko uztailaren 2a

Barakaldoko Udaleko Inguralde-garapen agentziak handitu egin ditu ekintzaileei eskaintzen dizkien baliabideak eta zerbitzuak, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak egiaztatutako Ekintzaileei Arreta emateko Gune bilakatzean. Ekintzaileei arreta emateko guneek xede dute jarduera ekonomiko berriak eratzeko tramiteak erraztea, bai eta egin beharreko tramiteak normalean baino epe laburragoan amaitzeko laguntza ematea ere.

Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Udaleko garapen agentziak Ekintzaileei arreta emateko gune hau martxan jartzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute; horrela, Inguralde da zerbitzu telematiko hau jartzen duen Euskal Herriko lehenengo garapen agentzia.    "Aldundiarekin batera jardun dugu arreta gune hau martxan jartzeko, eta esan behar da oso berri ona dela gure hiriko ekintzaileentzat, horri esker, arin era azkar sortu baititzakete enpresak, askotan jardueraren hasiera atzeratzen duten traba burokratikoak kenduz" azaldu du Inguraldeko lehendakari Danel Solak.

Doako zerbitzu honen abantailetako bat da prozedura telematiko batean biltzen dituela zenbait tramite, hala nola Foru Ogasunarekin, Gizarte Segurantzarekin, Datuak Babesteko Agentziarekin, Patenteen Erregistroarekin eta Markekin loturikoak, bai eta lan-kontratuei buruzko komunikazioak ere (SEPE).  Horrek guztiak erraztasuna emango dio ekintzaileari, eta gainera, enpresa sortzeak eta kudeatzeak dakartzan kostuak gutxitzea ere ekarriko dio.

Inguraldeko Enpresak Sortzeko Arloko teknikariek emandako aholkuekin sustatzaileak dokumentu elektroniko bakarra bete beharko du sisteman alta eman, eta tramite guztiak bide telematikoz egin ahal izateko. "Baliabide ederra da, zeren eta hasierako momentuan arreta egin, eta zure negozio-ideia aztertzen eta lantzen lagundu dizun Inguraldeko teknikariak jardueraren alta ere tramitatu ahal baitizu. Zirkulu osoa ixtea lortzen dugu" esan du Inguraldeko lehendakariak.

INFORMAZIOA ETA AHOLKULARITZA
Ekintzaileei arreta emateko guneetan erraztu egiten dituzte enpresa berriak sortzeko, jarduera hasteko eta garatzeko eginbeharrak, eta horretarako, zenbait zerbitzu eskaintzen dituzte, hala nola informazioa, dokumentuen tramitazioa, aholkularitza, prestakuntza eta enpresa-finantzaketa.

Gune horietan, Informazio Zentroko eta Enpresak Sortzeko Sarearen tramitazio telematikoaren sistema ahalbidetzen duen laguntza logistikoa ere badago, eta horri esker, bide horretatik egin daitezke eratzeko tramiteak, bai eta estatuan zenbait merkataritza-sozietate martxan jartzekoak ere.

SORTUTAKO ENPRESAK
Joan den urtean, Inguraldek 324 negozio-asmo zituzten 347 lagun artatu zituen, informazioa eta aholku emanez. Negozio-asmoak baloratu eta proiektua garatu ahal izateko prestakuntza eman ondoren, 99 enpresa berri (iaz baino 11 gehiago) jarri ziren martxan, eta 128 lanpostu sortu ziren (113 sustatzaileak eta 17 kontratatuak).

Enpresen % 85,86 enpresaburu indibidual formula juridikopean sortu ziren, % 11,11 ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak dira, eta azkenez, % 1,01 kooperatiba-sozietate txikiak dira.

Jarduera sektoreka, zerbitzu pertsonalen inguruan hazi dira negozio gehienak (% 37,37), ondoren enpresei eskainitako zerbitzua (% 23,23), eta azkenik, merkataritza (% 21,21).

SUBIR