"Barakaldo Kontsumo Bonoa" kanpaina larunbat honetatik aurrera egongo da martxan, 195 establezimendu atxikituta
Datorren azaroaren 14ra arte, Barakaldon erroldatutako pertsonek tokiko kontsumoa dinamizatzeko deskontudun 42.000 bonuak erosi eta trukatu ahal izango dituzte merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako lokaletan bertan.
Iaz bezala, bonobarakaldo.inguralde.eus webguneak mapa interaktibo bat eskainiko du atxikitako lokalekin, eta establezimendu bakoitzeko bonuen erabilgarritasuna denbora errealean kontsultatzeko aukera emango du.
Barakaldo, 2026ko urriaren 28a
Barakaldoko 200 saltoki, ostalaritza eta zerbitzu establezimendu inguruk bat egin dute aurten "Barakaldo Kontsumo Bonoa 2026" kanpainarekin. Kanpaina horri esker, larunbat honetatik azaroaren 14ra bitartean, merkataritzan, ostalaritzan eta tokiko zerbitzuetan erosketak egiteagatik deskontuak izango dituzte udalerrian erroldatuta dauden pertsonek.
ACE Barakaldo eta Sanbi Dendak elkarteetako ordezkariekin gaur goizean egindako aurkezpen ekitaldian, Barakaldoko Udalak eta Inguraldek gogorarazi dute deialdi hau sektorearentzako garai bailaran tokiko kontsumoa dinamizatzera bideratuta dagoela. Era berean, iazkoaren antzeko erantzuna lortuko duela espero dute, bonuen % 96 trukatu baitziren eta kontsumoan 800.000 euro baino gehiago mobilizatu baitziren.
Horretarako, 195 establezimenduren atxikipena dute (iazkoaren antzeko kopurua), eta kanpainako 42.000 kontsumo-bonuak modu proportzionalean banatuko dira.
2025eko deialdian bezala, "Barakaldo Kontsumo Bonoa" ri buruzko informazioa denbora errealean egongo da eskuragarri eta eguneratuta bonobarakaldo.inguralde.eus webgunean. Orri honetan, atxikitako lokalen zerrenda eta horien kokapena kontsultatu ahal izango dira mapa interaktibo baten bidez. Halaber, lokal bakoitzean une bakoitzean zenbat bonu dauden jakin ahal izango da.
Kanpaina honetan, Barakaldoko Udalak 210.000 euroko inbertsioa egin du. Horrela, bonu bakoitzak 15 euroko balio izendatua izango du, eta herritarrek 10 euroan erosiko dituzte, Udalak bere gain hartuz, Inguralderen bitartez, gainerako 5 euroak.
Barakaldon erroldatutako pertsonek soilik erosi eta trukatu ahal izango dituzte bonuak. Horretarako, erosketa egiten den unean NAN zenbakia eskatuko da, eta hori kanpainaren web-plataforman sartuko da, kudeaketa horretarako soilik. Pertsona batek – bere NANari elkartua – gehienez 8 bonu erosi ahal izango ditu, erosketa bakarrean edo batzuetan, eta establezimendu berean edo desberdinetan.
Bestalde, mapa interaktiboaren bidez kokatzeaz gain, atxikitako establezimenduek identifikazio-bereizgarriak izango dituzte erakusleihoetan, eta QR kode bat izango dute, kanpainako informaziora zuzenean sartzeko.
