Eup!-ek bulego mugikorra aurkeztu du plataforma Bizkaiko udalerrietan ezagutarazteko

Bira gaur hasten da Barakaldon eta Bizkaiko zazpi eskualdeak bisitatuko ditu hilabetez. Ekimen honen bidez BBK-k eta Bizkaiko Foru Aldundiak tokiko merkataritzaren digitalizazioaren aldeko apustua indartu nahi dute eta, aldi berean, saltoki eta erabiltzaile berrien parte-hartzea sustatu.

2023(e)ko Otsailaren 20 (a)

BBK-k eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duten EUP! tokiko merkataritza-plataformak Bizkaiko hainbat herritan izango den bulego mugikorraren bira inauguratu du gaur. Kanpaina honen xedea Bizkaiko udalerrietan plataformak duen presentzia areagotzea eta tokiko merkataritzarekiko duen konpromisoa indartzea da.

Bira hilabetez luzatuko da eta saltokiei zein erabiltzaileei zuzenduta dago. Alde batetik, saltoki berriak erakartzea eta dagoeneko aktibo dauden saltokiei indartze-saioak eskaintzea proposatzen da, kanal guztietan duten presentzia areagotzeko eta, beste alde batetik, saltoki berriak erakarri nahi dira plataformara. Era berean kanpaina honen bidez Marketplace-a kontsumitzaile berriei ezagutaraztea eta kanal horren bidez erosketak sustatzea ere lortu nahi da.

Ekimena gaur eman da ezagutzera Barakaldon egin den prentsaurrekoan, eta bertan izan dira Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko diputatua, Nora Sarasola,  Gizarte Ekintzako zuzendaria, eta bere jaioterrian, autobusak lehen geldialdia egin duen tokian, anfitrioia izan den Maribel Salas aktorea.

Nora Sarasolak azaldu duen bezala, "Eup!, Bizkaiko Merkataritza Gune digital handia, tokiko merkataritza eta digitalizazioa bateragarriak izatearen adibide argia da; beraz, erosteko ohitura berriak eta hurbileko merkataritzari eustea ez dira bateraezinak". Eta merkatariak proiektu hau aprobetxatzera animatu ditu, "merkataritzak estrategia omnikanala bilatu behar duelako, bezeroari harremanetarako eta interakziorako gune guztietan (fisikoak eta digitalak) esperientzia integrala ziurtatuko diona", eta Bizkaiko biztanleei zuzendu zaie gakoa direla ziurtatuz, izan ere "bizkaitar batek erosketa bat egitea erabakitzen duen bakoitzean, nahi duen Bizkaiaren eredua aukeratzen ari da".

Beste alde batetik, Ekonomia Sustatzeko diputatuak azpimarratu du Eup! jasangarritasunaren eta gizarte-erantzukizunaren irizpideei jarraiki tokiko merkataritzaren lehiakortasuna indartzeko diseinatutako ekimena dela. "Hori lortzeko funtsezkoa da merkatariei digitalizazioaren erronkari aurre egiteko tresnak eta gaitasuna eskaintzea. Era berean, garrantzitsua da guztiok ez ahaztea kontsumitzaile gisa hartzen ditugun erabakiek ondorioak dituztela. Gure tokiko merkataritza lagundu dezakegu, eta hori eta gure udalerrien eta Bizkaiko jarduera ekonomikoa babestea gauza bera da. Eredu arduratsua eta iraunkorra hauta dezakegu", ziurtatu du Ainara Basurkok.

Pizgarriak eta sari-banaketa

Eup!-en bulego mugikorra autobus petaka bat da, barruan bi espazio desberdin dituena; espazio bat saltokientzat da eta bestea bezeroentzat. Autobusean plataforman sartzeak dakartzan onurei buruzko informazioa eta aholkularitza eskainiko da eta jokoen, zozketen eta deskontuen bidez erabiltzaileen parte-hartzea sustatuko da.

Autobusak eskaintzen duen espazioaz gain, ekimena Eup! banatzaileekin indartuko da. Banatzaile horiek herrian zehar ibiliko dira patinetean autobusaren kokapenaren eta egingo diren jardueren berri emateko.

Bira gaur hasten da Barakaldon eta ondoren besteak beste Basauri, Lemoa, Durango eta Gernika bisitatuko ditu. Kanpainari amaiera emateko martxoaren 25ean sari banaketa egingo da Bilbon zozketaren irabazleentzat. Zozketa horretan autobusean izena eman duten erosleek eta kanpaina honetan izena eman duten merkatariek parte hartuko dute. Maribel Salas aktoreak banatuko ditu sariak.

Eup!-ek, gaur egun, 20.000 produktu baino gehiago eskaintzen ditu hainbat sektoretan, hala nola elikadura eta edariak, artisautza, haurtxoentzako artikuluak, edertasuna eta higienea, kirola, autoa eta motorra, elektronika eta informatika, lorategiak, etxerakoak, bitxigintza eta erlojuak, liburudenda eta papergintza. Plataformak zerbitzu logistiko propioa du, multidenda eskaerak egiteko aukera ematen du eta bidalketa- eta itzulketa-gastuak doakoak dira.

SUBIR