Euskaraldiak dirauen bitartean, kafea hartzeko eta euskaraz mintzatzeko esparruak sortuko ditu Barakaldok auzoetan

Datorren ostegunean, hilak 18, hasiko da Euskaraldia kanpaina. ‘Ahobizi' eta ‘Belarriprest'-en bidez 15 egunez hizkuntza-ohiturak aldatzea proposatzen da. Aurtengoan, 151 erakundek eman du izena 304 ‘Arigune' sortzeko, eta horrela, 4.100 herritarrengan izango du kanpainak eragin zuzena.

Barakaldon, 2022ko azaroaren 15ean

3.000 lagunek baino gehiagok  hartu zuen parte 2018an Barakaldon, Euskaraldiaren lehen edizioan.  2022koaren erronka, hura gainditzea da. Gaur goizean aurkeztu dituzte Barakaldoko Udaleko Euskara Arloko zinegotzi Iratxe Focesek eta Euskaraldiko koordinazioko kide Aitor Yánezek datozen 15 egunotan Barakaldon garatuko diren ekintzak Euskaraldia gizarte-mugimendua sostengatzeko. Hizkuntza-ohiturak aldatzea eta euskara ikusgaitzea da mugimendu horren helburua.  Datorren ostegunean, hilak 18, hasiko du bidea ekimenak eta urtarrilaren 2an iritsiko da helmugara.

"Barakaldok beti hartu du bere gain herri-ekimen hau. Eta aurten ez uzen gutxiago izaterik. 151 erakundek eman du izena edizio honetan, eta 304 arigune sortu dituzte. Horri esker, Euskaraldiaren ekintzak 4.148 pertsonarengan izan dezake eragin zuzena. Beraz, lehenik eta behin, eskerrak eman behar zaizkie edizio hau antolatzen parte hartzen duten guztiei. Ziur gaude primeran aterako dela", adierazi du Focesek, korporaziokideek lagunduta. Datorren ostegunean, hilak 17, Euskaraldiaren aurkezpen ofiziala egingo da BIC Bizkaia Ezkerraldean (19: 00etan). Zinegotziak, ordea, Euskaraldiak Barakaldora ekarriko dituen ekintzetako batzuk aurreratu ditu, hala nola  abestia eta bideoklipa. "Gainera, hamabost egunotan, Kafealdia dinamika jarriko dugu martxan Barakaldon, auzo eta egun desberdinetan kafea eta pastak hartzeko espazio eroso eta informalak sortuz. 

 Atsedenaldi txiki bat hartzeko denbora izatea da helburua, euskara izan dadin gure elkarrizketen ardatz nagusia. Tarte horietan, Euskaraldia nola doan eta gure esperientziak partekatu ahal izango ditugu, eta atseden hartu ahal izango dugu indar berrituekin kaleetara, tailerretara… itzultzeko", esan du Euskara Arloko zinegotziak.

Aurtengo nobedade gisa azpimarratu da, aurten lehen aldiz egin dela  gazte-batzorde bat sortzeko deia Barakaldon, eta beraiek proposatu duten jarduera mamituko dela. Azaroaren 23an eta 24an umorezko bakarrizketak antolatuko dira Euskaraldian izena emandako batxilergoko ikasleekin, euskaraz barre egin eta gozatu daitekeela ikus dezaten.

Azkenik, aurtengo Euskaraldiko ordezkariak zeintzuk izango diren eman da jakitera: Izortze Santin ikertzailea; Gorka eta Adei gazteak; Julen Larrea eta Susana kirolari herrikoiak; Auxi (Elkar-Milos) eta Idoia (Atari) merkatariak; Idoia Anzorandia bertsolaria; John Bopp (estatubatuarra); Sergio Ortiz de Zarate sukaldaria eta Laguntasuna dantza-taldeko ordezkari Fran. "Guztiek gonbidatuko gaituzte barakaldarrak 15 egunez Ahobizi bihurtu eta euskara hutsez mintzatzera, edo ‘Belarriprest' bihurtzera, gurekin euskaraz mintza daitezen", gogoratu du Focesek.

"Ikusten duzuenez, gauza asko dago prest datozen 15 egunotarako. Orain, nahikoa da ofizialki izena ematea, Euskaraldiak indarra har dezan; gogoratu, izena emateko epearen amaieran gaudela. Gaur egun, Barakaldon 25.000 bat biztanle euskaldun dauzkagu. 2018an, 3.000 lagunek hartu genuen parte. Ea aurten errekorra gainditzen dugun", esanez amaitu du.

SUBIR