Abian jarri ditu Barakaldok bertoko enpresa, sal-gune eta ostalaritzako establezimenduetan errotulazioa euskaraz jartzeko laguntzak

Errotulazio gastuen % 25 eta % 50eko diru-laguntza emango du Udalak, mezua euskaraz edo hizkuntza bietan agertuz gero, 2021eko abenduaren 11tik 2022ko abenduaren 14ra bitartean egindako errotuluetan. Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo Udaleko Euskara Zerbitzuan aurkeztu ahal izango dituzte interesatuek eskabideak, abenduaren 11ra arte.

Barakaldon, 2022ko otsailaren 15ean

Barakaldoko Udalak hiriko establezimenduetan errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntzen edizio berri bat jarri du abian. Merkatariek, ostalariek eta Barakaldon egoitza duten beste zerbitzu batzuetako arduradunek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek, 2021eko abenduaren 11tik 2022ko abenduaren 14ra bitartean egindako errotulu, toldo,  binilo eta abarretan.

Eskaerak une honetatik aurrera eta urte osoan aurkeztu ahal izango dira, deialdia abenduaren 14an amaitzen baita. Horrela, interesdunek gaurtik, otsailaren 18tik, 14ra arteko fakturak aurkeztu ahal izango dituzte. «Gure helburua  Barakaldoko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen presentzia handitzea da, eta, horregatik, laguntza horien berri izatea nahi dugu, bai eta horiek eskatzeko behar besteko epea izatea ere», adierazi du Iratxe Foces Euskara zinegotziak.

NEGOZIO BERRIAK IREKITZEKO ASMOA DUTENEI INFORMAZIOA EMATEA
Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HZ) edo Udaleko Euskara Zerbitzuaren (beheko solairua) bidez egin daitezke eskaerak. Gainera, diptiko bat egin da interesdunei informazioa helarazteko; dokumentu hori hirian establezimendu berriak irekitzeko lizentziak eskatzera joaten direnei ere banatuko zaie. "Horrela jakingo dute herritarrek negozioa euskaraz errotulatuz gero Udalaren dirulaguntzak izango dituztela, azpimarratu du zinegotziak. Inguraldek  helaraziko dizkie diptiko berriak Barakaldoko lokalei.

Dirulaguntza eskatzeko,  dirulaguntzaren xede den establezimenduaren identifikazio-datuak erantsi beharko dira bai eta Bizkaiko Foru Aldundiarekiko eta Barakaldoko Udalarekiko zerga-betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria, jatorrizko fakturak eta dagozkion zenbatekoak ordaindu izanaren egiaztagiriak eta errotuluaren, toldoaren eta instalatutako biniloaren egiaztagiriak ere.

% 50ERA ARTEKO DIRULAGUNTZA
Udalak berriz ere 3.000 euroko partida du enpresa eskatzaileetan egindako errotulazioaren kostuaren % 50 eta % 25 artean estaltzeko, errotulua erabat euskaraz den edo elebiduna izan, hurrenez hurren.

Udaleko Euskara Zerbitzuak doako aholkularitza eta itzulpen zerbitzua eskaintzen du negozioetan errotulu horiek euskaraz izan nahi dituzten merkatari eta ostalarientzat; beraz, errotulazio berri bat aldatu edo jarri aurretik, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jartzea gomendatzen da, behar den laguntza guztia jaso ahal izateko.

SUBIR