241 lokal batu dira Barakaldo Kontsumo Bonoaren udazkeneko kanpainara, eta 25.000 bonu banatuko dira

Barakaldo Kontsumo Bonoa 2021 programaren bigarren faseari dagokio ekimena, Barakaldoko Udalak 250.000 euroko zuzkidura duena.

Bonuak gaurtik aurrera erosi ahal izango dira atxikitako 241 establezimenduetako edozeinetan, eta azaroaren 30era arte erabili ahal izango dira.

Barakaldo, 2021eko urriaren 25a

Barakaldoko Udalak sektorea babesteko eta tokiko kontsumoa dinamizatzeko abian jarritako Barakaldoko Kontsumo Bonoa udazkeneko kanpainak 25.000 bonu berri jarriko ditu herritarren eskura gaurtik aurrera, ekimenarekin bat egin duten 241 establezimenduek banatuko dituztenak. Programaren bigarren fase honekin, guztira 250.000 euroko inbertsioa aurreikusten duena, udazkeneko denboraldian kontsumoari bultzada eman nahi dio Udalak, sektorearentzat jarduera gutxiagoko garaia delako.

“Ekimen hau berriro ere ilusio handiz jarriko dugu martxan, jakitun baikara bai saltokiek bai kontsumitzaileek oso modu egokian erantzuten ari direla”, esan du David Solla Sustapen Ekonomikoko zinegotziak, gaur goizean Los Hermanos Parkean kanpainaren hasiera iragartzeko egindako ekitaldian.

Gaurtik aurrera, bonuak atxikitako 241 establezimenduetako edozeinetan erosi ahal izango dira, eta azaroaren 30era arte erabili ahal izango dira. Ekimenaren funtzionamendua kanpainaren aurreko fasekoaren antzekoa izango da. Horrela, 15 euroko balio nominala duten txartelak kontsumitzaileen eskura jarriko dira berriro. Herritarrek 10 euroan eskuratu ahal izango dituzte, eta Udalak, Inguralderen bitartez eta establezimenduen laguntzari esker, gainerako 5 euroak bere gain hartuko ditu.

Erosketa bakoitzeko gehienez ere 4 tiket eskatu ahal izango dira; beraz, 40 euroko balioa duten txartelak lortu dituen pertsona batek 60 euroko balioa duen erosketa bat jasoko du.

“Barakaldo Kontsumo Bonoa” ekimenarekin batera, dinamizazio-kanpaina bat egingo da, baliabide digitaletan zein euskarri fisikoetan, herritar guztiek eskura izan dezaten. Horrela, argibide-liburuxkak banatuko dira pertsonen joan-etorri handiko eremuetan, kartelak jarriko dira eta kanpaina sustatuko da Kbusen. Gainera, udaleko webgunearen eta sare sozialen bidez sustatuko da Interneten.

Bestalde, atxikitako establezimendu guztiak kanpainaren kartelarekin identifikatuta egongo dira, eta Barakaldon diseinatu da oso-osorik. Publizitate-elementu guztiek, gainera, QR kode bat izango dute, atxikitako establezimenduen geolokalizazioa jasotzen duen mapa bat kontsultatzeko. Halaber, zerrenda osoa www.inguralde.eus webgunean kontsulta daiteke.

Inbertsioa 250.000raino handitzea

Amaia del Campo alkatearen taldeak handitu egin du 2021ean Kontsumo Bonua proiektura bideratutako inbertsioa, 250.000 euroraino iritsiz, iaz baino 30.000 euro gehiago. Programa 2 kanpainatan garatu da, gaur aurkeztu dena eta maiatza eta ekaina bitartean egin zena. Kanpaina bakoitzean 25.000 bonu kontsumitu dira, hau da, 125.000 euroko inbertsioa kasu bakoitzean.

Era berean, kanpaina honen bidez, Barakaldoko Udalak herritarren kontzientziazioa eskatzen du Barakaldoko hiri-enpresari merezi duen balioa emateko, batez ere osasun-krisiak eragindako zailtasunen ondorioz. Gainera, merkataritza-eskaintza, ostalaritza-eskaintza eta zerbitzu-eskaintza finkatuaren bidez hiri-inguruneaz gozatzeko aukera emango duen hiri-eredu bat bultzatzearen aldeko apustua egiten da..

SUBIR