Garapen Jasangarriaren Arloak Barakaldoko merkatua babesten du hurbileko produktuen kontsumoa sustatzeko ekimenen bidez

Alba Delgadok azaldu du jarduera-programak merkatua dinamizatuko duela postu hutsak betez

Barakaldon, 2021eko urriaren 8an

Merkatuak jarduera-programa bat abiarazi du aurtengo azken hiruhilekoan, inguruko nekazari eta abeltzainen produktuak Barakaldora hurbiltzeko. Ekimen horien bidez, hurbileko produktuen kontsumoa sustatu nahi da, eta Alba Delgadok zuzendutako Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala Arloko zinegotzigoaren babesa dute; izan ere, horietarako diru-laguntza espezifiko bat eman dute.

"0 kilometroko produktuak kontsumituz, gure nekazari eta abeltzainei laguntzen diegu, eta, aldi berean, ingurumena zaintzen eta ekonomia zirkularra eta solidarioagoa sustatzen laguntzen dugu. Kanpaina honen bidez merkatua dinamizatu nahi dugu, produktu freskoen erreferentea izan baita beti, gure udalerriarentzat ez ezik, Ezkerralde osoarentzat ere. Azken urteotan, hainbat postu itxi dituzte, eta aldi baterako irekiko dira. Gure ustez, eskaintza hori bizilagunentzat erakargarria da" azaldu du gaur goizean Delgadok programaren aurkezpenean.

Jarduerak bihar hasiko dira, larunbatean, eta azokaren barruan bertan egingo dira. Hasiera batean, gaur egun hutsik dauden zazpi saltoki beteko dira, horietako bat bikoitza. Ogi, gazta, ezti, txakolin eta abarren ekoizleak egongo dira. Halaber, taldekako tailerrak egingo dira adinekoentzat eta haurrentzat, taloak, txokolatea, ogia edo gozokiak egiteko. Postu nagusia dastaketak egiteko eta kafetegi gisa erabiliko da.

Tailerrak urriaren 14an (osteguna) hasiko dira, 11:30ean eta 17:30ean, eta txakolin-, gazta- eta garagardo-dastaketak ere egongo dira. Hainbat herritako ogi azoka bat ere programatuta dago. Bestalde, Domu Santu eguna dela-eta, merkatua loradenda handi bat izango da egun batzuetan, hildako pertsona maiteak ohoratzeko.

OIHALEZKO POLTSA BIRZIKLAGARRIAK
Alba Delgadok eskerrak eman dizkie merkatariei ekimen honen bidez garapen jasangarriarekiko hartu duten konpromisoagatik. Izan ere, hurbileko produktuen salmenta sustatzeaz gain, 15.000 oihal-poltsa birziklagarri banatuko dira.

"Barakaldoko saltokiak gero eta konprometituago daude plastikoa kentzeko, eta garrantzitsua da Merkatuak horren aldeko apustu sendoa egitea" nabarmendu du.

SUBIR