Frantzia, Maroko eta Peruko merkatuak nazioartera zabaltzeko aukera eskaintzen die Inguraldek tokiko enpresei

Amaia del Campo alkateak bertako Zabal IT enpresa bisitatu du. Enpresa horrek proiektu honetan parte hartu zuen, Santiagon (Txile) misio komertzial bat egiteko; orain bere zerbitzuak eta produktuak merkaturatzen ari da bertan. Alkatea bisitak egiten ari da herriko enpresen beharrak bertatik bertara ezagutzeko eta horien garapena bultzatuko duten programak sortzeko.

Barakaldo, 2020ko otsailaren 7a

Inguralde Barakaldoko tokiko garapenerako agentziak Garapen-ekin batera abian jarri du berriz ere Elkarrekin Mundura programa. Ekimenak aukera emango die tokiko enpresei nazioartekotzeko, Frantzia, Maroko eta Perun merkataritza-misioak eginda. 2018an Ezkerraldeko 16 enpresak parte hartu zuten programan, eta % 80k lortu zuten nazioarteko merkatua irekitzea.

Amaia del Campo alkatea tokiko enpresetara egiten ari den bisiten barruan, San Bizeneteko Zabal IT S.L. enpresarekin elkartu da. Enpresa horrek Elkarrekin Mundura programan parte hartu zuen 2018an, Santiagora (Txile) misio komertzial bat eginda, eta gaur egun jada zerbitzuak eta produktuak merkaturatzen dabil bertan. Horren ondoren, misio horren ondorioz eta bertan ezarritako harremanak zabaltzeko, Zabal IT enpresak Enpresa Txiki eta Ertainentzako Nazioartekotze Programan parte hartu du, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sailaren eskutik.

Alkatearen bisitan, Zabal ITko Zuzendaritzak aitortu egin du oso onuragarria izan dela bere enpresarentzat Elkarrekin Mundura programan parte hartzea, baita azaldu ere zer hazkunde-aukera dituen bere erakundearentzat nazioarteko bezeroen zorro hori irekitzeak. Gainera, nazioarteko merkatuak zabaltzen jarraitzeko borondatea adierazi du.  

"Barakaldoko erdigunean kokatutako enpresa txiki eta ertain berritzaile horren adibideak beste ekintzaile batzuei ere balio diezaieke, kudeaketan bikaintasunaren erreferente gisa; izan ere, berrikuntza teknologikoari arreta emateaz gain, beste berrikuntza mota batzuk ere egiten ditu, esaterako, merkatuetako berrikuntza, nazioartekotzearen bidez", nabarmendu du alkateak.

SOTFWAREAREN ARKITEKTURA
Zabal IT S.L. tokiko enpresa bat da. Software-arkitekturan eta aholkularitza informatikoko zerbitzuetan dihardu, eta bezeroaren neurrira egindako proiektuak eta produktu propioak garatzen ditu.  

Produktu horietako bat Beeper School da, eskolako autobusak denbora errealean kontrolatzeko gailua.  Proiektu berritzaile horrek sari bat irabazi zuen 2018an Barakaldoko BKenpreSariak sarien Gizarte Konpromisoa kategorian, eta Haurrak Babesteko Kontseilu Independenteak 2017ko Haurtzaroarekiko Enpresa Arduratsua saria eman zion. Haurren segurtasunean eta familien lasaitasunaren arloan teknologia sartzeak dakarren aurrerapenarengatik eman zizkieten aitortza horiek.

Zabal IT bere ametsa egia bihurtu duen eta diziplina anitzeko taldea duen enpresa baten apustuaren eta lanaren emaitza da. Bere zerbitzuen artean aipatzekoak dira aholkularitza, softwarearen garapena, prestakuntza espezializatua eta produktu propioa, eta aplikazio mugikorrak nabarmendu behar dira.  

Aplikazio horiei dagokionez, gure egunerokoan Barakaldoko enpresa honen produktuak erabiltzen ditugula azpimarratu du Del Campok, eta askotan horretaz jakitun izan gabe. Hori hala da Zabal IT enpresaren bezeroetako bat Osakidetza delako, eta, besteak beste, harentzat diseinatu dutelako NIRE TRATAMENDUA app-a: gaixoei edo haien zaintzaileei mediku-taldeak agindutako tratamendua jarraitzen laguntzen die.

Alkateak joan den azaroan ekin zion bisiten egutegiari, Barakaldoko enpresetan garatzen diren proiektuak eta enpresa-sarearen beharrak ezagutzeko; horrela, enplegu kualifikatua indartzea eta sortzea bultzatzen duten ekimenetan lan egiteko. 

Enpleguaren eta Ekonomia Sustapenaren aldeko apustu irmo horren ondorioz, Inguralderen 2020rako aurrekontua % 5 handitu da.

SUBIR