Valoriza enpresak 10 pertsona kontratatu ditu udan lan egiteko, Inguraldek langabeekin sustatutako topaketaren ondoren
Laurogeita hamar pertsona joan ziren apirilaren hasieran INNOBAK Beurko zentroan egindako deialdira, Barakaldoko kale-garbiketaz arduratzen den enpresaren eta lanik gabeko pertsonen arteko zuzeneko harremana errazteko, udako hilabeteetan zerbitzua emateko helburuarekin.
"Kontratazio horiek agerian uzten dute lankidetza publiko-pribatuak tokiko enplegua sortzeko duen garrantzia", adierazi du David Solla Inguraldeko presidenteak, eta gogorarazi du ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak toki-erakundeei laguntzeko duen 3R programaren barruan sartzen dela.
Barakaldo, 2025eko ekainaren 10a
Barakaldoko kale-garbiketako zerbitzuaz arduratzen den Valoriza enpresak 10 pertsona hautatu ditu (8 gizon eta bi emakume) udako hilabeteetan aldi baterako kontratu bat egiteko, oporrengatiko ordezkapen gehiago egin behar baitira. Hautaketa apirilaren 9an Inguraldeko Enplegu Zentroan enpresarekin izandako zuzeneko topaketa baten ondoren egin da, eta interesa izan dezaketen 90 pertsona bertaratu ziren.
"Eremu publiko-pribatuan enplegu-aukerak aztertzea ahal dugun guztia indartu behar dugun tresna da, agerikoa baita fruituak ematen dituela", adierazi du David Solla Inguraldeko presidenteak. "Kasu zehatz honetan, aldi baterako 10 kontratu formalizatzea lortu dugu, eta, aldi berean, Barakaldori zerbitzua ematen dion enpresa batek gure udalerrian bertan dituen lan-beharrei irtenbidea aurkitzea", ziurtatu du.
Sollak azpimarratu du ekimen hau Behargintza Enplegu eta Toki Garapenerako Zentroei (horietako bat Inguralde da) zuzendutako Bizkaiko Foru Aldundiaren Laguntzen 3R Programaren 2025. deialdiaren barruan sartzen dela, langabezian geratu diren pertsonak berriro laneratzea ahalbidetuko duten jarduerak abian jartzeko. Era berean, gogorarazi du gaur egun antzeko ekimenak martxan daudela, hala nola BUILDekin egindakoak: INN – Eraikuntzaren Klusterra edo CLECE zerbitzu-enpresa.
Valorizak kontratatutako 10 pertsonak (horietako bi migratzaileak dira) peoi edo bide-garbiketako peoi gisa lan egingo dute udan – ekainetik irailera –, eta aste honetan bertan hasiko dira. Guztiei prestakuntza eta tutoretza eskainiko zaie, eta garbiketa-hitzarmenari lotutako lana lanaldi osoan egingo dute.
Valorizarekin apirilaren 9an, asteazkenean, egin zen topaketa, INNOBAK Beurko zentroan, eta 90 pertsona baino gehiago bertaratu ziren. Horren ondorioz, bi saio egin behar izan ziren jarraian. Udarako kontratazioaz gain, enpresaren asmoa da urtean zehar plantillak dituen ordezkapen-beharrak betetzeko lan-poltsa bat sortzea.
