Lanbidek 8,5 milioi euro bideratuko ditu gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko
Lehen Aukera programaren zuzkidurak 200.000 euro gehiago izango ditu, lan-munduratzea kontratu mugagabeen edo prestakuntza-kontratuen bidez errazteko helburuarekin
2024ko abenduaren 20a
Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak 8,5 milioi euroko laguntza berriak onartu ditu gazte langabeak -16 urtetik gorakoak eta 30 urtetik beherakoak- eta euskal enpresetan aldez aurretik lan-esperientziarik ez dutenak edo esperientzia gutxi dutenak kontratatzeko. Horrela, Lehen Aukera programaren helburua 340 kontratu mugagabe eta praktika profesionala lortzeko 460 prestakuntza-kontratu finantzatzea da.
Era berean, dirulaguntzak eman nahi ditu enplegu-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzeko, eta Lanbideren erakunde laguntzaileek trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko. Erakunde laguntzaile horiek hauek izan daitezke: unibertsitateak, lanbide-heziketako zentro publikoak eta zentro pribatu itunduak, edo udalak, mankomunitateak, koadrilak, toki-garapeneko agentziak eta Behargintzak.
2025eko deialdiaren aurrekontu-zuzkidura 200.000 eurotan handitu da, aurreko edizioarekin alderatuta, gazteen langabezia murrizteko eta haien laneratzea bultzatzeko helburuarekin. Kontratu mugagabeak egiten dituzten enpresek 12.700 euro arte jaso ahal izango dituzte kontratatutako pertsonaren titulazioaren arabera, eta 12 hilabeteko prestakuntza-kontratuaren kasuan, 8.400 euro arte jaso ahal izango dituzte. Kontratuak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira.
Eskabideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus/egoitza) edo Lanbideren webgunean aurkeztu beharko dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta aurkeztutako hurrenkeraren arabera aztertuko dira. Kontratuak egitea eskatzeko epea urriaren 31n amaituko da. Lanbideren erakunde laguntzaile izanez gero, epea uztailaren 31ra artekoa izango da, eta eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzeko laguntzak eskatzeko, bai eta trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko ere, epea azaroaren 1etik 17ra izango da.
Gazteen langabezia
Eustaten 2024ko bigarren hiruhilekoaren datuen arabera, Euskadiko 30 urtetik beherakoen langabezia-tasa % 11,73koa da. Enplegu-tasa, berriz, % 46,49koa da, eta 16-64 urte artekoen enplegu-tasa, aldiz, % 70,88koa da. Soldata-arrakalari dagokionez, emakumeen enplegu-tasa gizonena baino 6 puntu txikiagoa da. Hortaz, Lehen Aukeraren helburu nagusia zera da, emakumeen eta gizonen arteko ordainsari-parekatzea lortzea, gizarte-bazterkeriari aurre egitea eta euskal ekonomiaren lehiakortasuna hobetzea.
Iturri: Lanbide