Lanbidek 1,2 milioi euro onartu ditu lanaldi osoko txanda-kontratuak egiteko laguntzetan

Horrela, 30 urtetik beherakoen edo 45 urtetik gorakoen laneratzea bultzatzen da, eta 8.400 euro jartzen dira kontratatzen den pertsona bakoitzeko

2024ko abenduaren 17a

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak 1,2 milioi euroko laguntzak onartu ditu lanaldi osoko txanda-kontratu mugagabeak egiteko. Iraupen mugatuko kontratuak ere izan daitezke, betiere mugagabe bihurtzen badira, beranduenez ere, ordeztutako pertsonak erretiro osoa hartzen duenean.

Laguntzak 30 urtetik beherako edo 45 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko dira, edo langabezian daudenak eta Lanbiden izena emanda eta alta emanda daudenak, edo enpresarekin iraupen mugatuko kontratu bat hitzartuta dutenak. Enpresak 8.400 euro jasoko ditu kontratatutako pertsona bakoitzeko, eta zenbateko hori % 10 handituko da pertsona hori emakumea bada.

Eskabideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus/zerbitzuak/0136411) edo Lanbideren webgunean aurkeztuko dira, eta aurkezpen-ordenaren arabera aztertuko dira.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurretik hasitako kontratuen kasuan, aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da, eta, EHAAn argitaratu ondoren edo egun berean hasitako kontratuen kasuan, epea 3 hilabetekoa izango da, txanda-kontratua hasten den egunetik zenbatzen hasita. Nolanahi ere, urriaren 25a izango da amaiera-data.

Prestakuntza-ikasketak

Lanbidek, halaber, laguntza batzuk (milioi bat euro) onartu ditu sektoreko prestakuntza-premiak aztertzeko eta hautemateko azterlanak egiteko. Deialdi honen helburua enpresen lehiakortasuna hobetzea da prestakuntza-planen bidez.

Horretarako, hainbat azterlan egingo dira gaitasun profesionalen edo trebetasunen gabeziak eta ezagutza teoriko edo praktikoen gabeziak identifikatzeko, bai eta aztertutako sektore ekonomikoaren etorkizuneko prestakuntza-ekintzak eta -ibilbideak bultzatzeko ere. Laguntza horiek, gehienez ere, 65.000 eurokoak izan daitezke, langile, enpresa, lantoki edo azterketan egindako elkarrizketen kopuruaren arabera

 

Iturri: Lanbide

SUBIR