Enplegu berderako plan berriak Barakaldoko gazteen laneratzea erraztuko du

Carlos Fernández eta Juan Antonio Pizarrok aurkeztu digute gaur hainbat arlotan prestatzeko ekimen hau, hala nola nekazaritza ekologikoan, hondakinen kudeaketan, merkataritza ekologikoan eta energia berriztagarrietan.

Barakaldon, 2023ko urtarrilaren 10ean

Gazte zaurgarrienen laneratzea errazte aldera, Barakaldoko tokiko garapen agentziak enplegu berderako plan bat abiarazi du. Ekimena gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Carlos Fernández bigarren alkateordeak eta Juan Antonio Pizarro Inguraldeko Enplegu zinegotzi ordezkariak.

Proiektua `Enplegu Berdea Ezagutzen' deitzen da eta lau arlotarako prestakuntza emango du: nekazaritza ekologikoa, hondakinen kudeaketa, merkataritza ekologikoa eta energia berriztagarriak. Izena emateko epea zabalik dago eta urtarrilaren 27ra arte izena eman ahalko da. Hamabi plaza daude eskuragarri.

"Proiektuaren helburu nagusia gazte zaurgarrienen helburu profesionala zehazten laguntzea da, eta horretarako aukera emango zaie hainbat arlotan beren gaitasunak, trebetasunak eta interesak ezagutzeko eta praktikan jartzeko, hala nola ekonomia zirkularrean, esparru berdean, gaikako hainbat arlotan trebatuta", adierazi du Carlos Fernándezek.

Prestakuntzak teoriko-praktikoak izango dira eta urtarrilaren 31tik martxoaren 16ra emango dira Innobak Ugartebeitia eraikinean, 9:00etatik 14:00etara. Garraioa doakoa izango da ikasleentzat eta amaitzean 200 euroko beka bat jasoko dute. Gainera, inguruko enpresetara eta erakundeetara joango dira gazteek "esparru horretan eskaintzen diren lan aukera batzuk bertan ezagutzeko".

"Esan ohi da indarra elkartasunean dagoela eta hau oso adibide argia da. `Enplegu Berdea Ezagutzen' hiru garapen agentzien arteko lankidetza proiektua da (Inguralde, Egaz Txorierri eta Erandioko Behargintza) Garapen elkartearekin (Garapen Agentzien Euskal Elkartearekin) batera. Gainera, Aldundiko Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak finantziatu du", azaldu du Fernándezek.

LANERATZEKO ZAILTASUNAK DITUEN KOLEKTIBOA
Carlos Fernándezek berak ohartarazi duenez, "gazteak, eta bereziki langabeak edo aktibo ez daudenak, ikasten ari ez direnak edo prestakuntzarik jasotzen ari ez direnak, gehien kezkatzen gaituen kolektiboa da laneratzeko dituzten zailtasunengatik".

Hortaz, gazteek laneratzeko eta gizarteratzeko dituzten premiei erantzun eraginkorra eta bestelakoa emateko beharragatik sortu zen ekimena. Hori dela eta, `Enplegu Berdea Ezagutzen' proiektuan 30 urtetik beherako pertsonek parte hartu ahal izango dute, lehen mailako ikasketak dituztenak, eta, gehienez, erdi mailako heziketa zikloa dutenak, langabeak edota asteburuetako edo noizbehinkako kontratuak dituztenak ostalaritzan, mezularitza zerbitzuetan, muntatze eta desmuntatze lanetan, etab.

"Helburu dugun kolektiboaren ezaugarri nagusia da gehienek ikasketak utzi dituztela, edota ikasketak amaitu ondoren ere, ez direla lanean hasi modu egonkorrean edota antolatuan. Gainera, asko dira, prestakuntza modulu bat hasi eta bertan behera uzten dutenak, espero zutenarekin bat ez zetorrelako. Horrek, era berean, frustrazioa sortzen du eta autoestimuak behera egitea eragiten du etorkizun profesionala nora bideratu ez dakiten horiengan", azaldu du Juan Antonio Pizarro.

Horri lotuta, proiektu honen izaera berritzailearen oinarria da enplegu berdeari lotutako etorkizuneko aukerak ezagutzea, probatzea edo horietara hurbiltzea, eta barrutik ezagutzea zer baldintza bete behar diren, lanpostu funtzioak, garatu beharreko eginkizunak, etab. "Helburua da bizitza errealetik baloratu ahal izatea etorkizunera begira lanpostu horretan eroso dauden, eta horrela, denboran luzatzen diren prestakuntzak bertan behera uztea saihestu eta frustrazioa murriztu ahal izango da", azpimarratu du Pizarrok.

Enplegu berdeak profil profesional ugari biltzen ditu, zehazki, 927 profil baino gehiago: jasangarritasuna, energia berriztagarriak eta teknologia garbiak, baliabide naturalak eta lehen sektorea, industria, mugikortasuna, eta beste jarduera batzuk, hala nola bizikletak konpontzea, hondakinak biltzea, birziklatzea, etab. Profil horiek aldatu egiten dira ikasketa maila, zereginak, gaitasunak, trebetasunak, titulazioa eta beste alderdi batzuen arabera.

2019an sektore horretako ondasun eta zerbitzuen arloan 22.086 pertsonek egiten zuten lan, hau da, Euskadiko lanpostuen % 2,11, goranzko joerarekin eta kalitatezko enpleguekin.

Izena emateko sakatu  hemen

SUBIR