Zabalik da Inguraldek antolatutako ‘Go Social’ zahartze arloko ekintzailetza bultzatzeko informazio jardunaldian izena emateko epea
Populazioa zahartzen doan heinean sortuz doazen beharrei erantzuteko negozio-asmoa duten enpresa eta ekintzaileei zuzentzen zaie topaketa
Azaroaren 9an egingo da jardunaldia, Barakaldoko Innobak Beurko Enpresa Zentroan
Barakaldo, 2018ko urriak 31
Adinekoen arloan eta ‘zilarrezko ekonomia’ deritzonarenean enpresa proiektu berriak bultzatzeko helburuz antolatu du datorren azaroaren 9rako Inguralde-Barakaldoko Udaleko Garapen Agentziak jardunaldi bat, enpresa eta ekintzaileei ‘Ekin Silver Economy’ programa ezagutzera emateko. Lehenengo aldiz garatuko da hirian programa zahartzaroaren sektorean, 30 urte luzetan jardun duen SSI-Gizarte Zerbitzu Integratuen laguntzaz.
Innobak Beurko Enpresa Zentroko ekitaldi aretoan (Beurko Zaharra, 3, 38 pabiloia) izango da, 10:00etatik 12:30era, eta han azalduko dute xehetasun guztiez zer den Silver Economy eta nola lagun dezakeen proiektu horrek beste enpresa proiektu batzuk bultzatzen. Lanpostuak eskaintzeaz gainera, gizarte balio erantsia duten proiektuak izango dira, populazio urtetsuenean modu indartsuan eragin dezaketelako. Zehazki, “hainbat arlo profesionaletan, - hala nola, teknologia berriak, osasuna, esku-hartze psiko-soziala, birgaitzea eta bizigarritasuna, turismoa, aisia edo kultura – negozio aukera berriak aztertu nahi dituzten profesionalak bilatzen ari gara, edadetuen berariazko beharrizanei erantzuteko”, azaldu du Inguraldeko buru Danel Solak.
Toki kopurua mugatua denez, interesaturik daudenek aldez aurretik eman beharko dute izena Inguraldeko www.inguralde.com web orrian. Argibide gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Inguralderekin Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. posta elektronikoaren bidez edo 944 789 446 telefono zenbakira hots eginez.
Barakaldoko Udaleko Garapen Agentziak eta SSI Taldeak sinatutako lankidetza hitzarmenaren parte da ekimena. Haren bidez, laguntza profesionala eta eskarmentua eskainiko zaie proiektuan parte hartuko duten enpresa eta pertsona ekintzaileei, populazioaren zahartzearen alorrari loturiko negozio plana gauzatu eta enpresa ekimena martxan jartzeko.
Aurkezpen jardunaldiaren ostean, parte hartu nahi duten profesional eta enpresen balorazioa egingo da. Urtarrilaren 19tik aurrera jarriko du abian banan-banakako laguntza saioen programa SSI Taldeko Silver Economy Arloak, merkatura ateratzeko moduko egitasmo bideragarriak sortzeko. Urtebete iraungo du prozesuak.
