Kontrolik jabeko 17 isurketa puntu deuseztatu ditu Barakaldok, eta 14.000 kilo hondakin erretiratu

2017-2018ko Tokiko Enplegu Planaren bidez kontratatutako bost langilek egin dituzte lanak, eta amaitu berri da 134 laguni lana eman dien Plana

Barakaldo, 2018ko ekainaren 26a

Oraintxe bukatu ditu Barakaldoko Udalak Inguralde Garapen Agentziaren bidez kontrolik gabeko 17 isurketa puntu deuseztatzeko lanak, Errekatxoko Orkoneran, Kareagan, Basatxun eta Galindo ibaiaren Retuerto pareko ertzetan.   Ingurumena narriatzen zuten era guztietako hondakin solidoz osatutako foku txikiak izan dira garbitutako guneak.

Inguraldek  bukatu berri den 2017-2018ko Tokiko Enplegu Planaren bidez kontratatutako bost langilek egin dituzte egokitzapen lanak. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Udalak sustatu dute Plana, Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzen Deialdiaren bitartez. Abendutik maiatzera jardun du lanean lantaldeak aipatu alde publikoetako zortzi lekutan, eta era guztietako 14.000 kilo hondakin erretiratu dituzte: obretako hondakinak, altzariak, etxeko tresna txikiak, beirak, plastikoa eta pneumatikoak, besteak beste.  Material hori guztia bildu, sailkatu eta erretiratu dute.

Lehenengo lantalde honek egindako lanari jarraipena eman asmoz, Udalak kontrolik gabeko isurketa puntuak deuseztatzeko beste bigarren programa bat bidera dadila eskatu du  Lanbideri aurkeztu zaion Enplegu Plan berrian. Eusko Jaurlaritzak onartuz gero, 2019ko abendutik maiatzera garatuko da programa. "Horrelako kutsadura puntuak errotik kentzea lortzeko jarduketak egiten jarraitu nahi dugu, inguruak txukuntzeaz gainera, herritarrak jabe daitezen horrelako lekuetan zaborrak uzteko  ohitura baztertu beharraz", adierazi du Inguraldeko lehendakari Danel Solak.   

ENPLEGU PLANAREN BALANTZEA

Hiriko enplegua eta garapena sustatzeko azken Enplegu Planaren  25 proiektuetako bat izan da kontrolik gabeko isurketa puntuak deuseztatzeko programa. Planean, 102  lagunek jardun du lanean (48 emakumezko eta 54 gizonezko), eta lan merkatura sartzeko eragozpen handienak dituzten kolektiboei eman zaie lehentasuna, populazio sektore ahulenei laguntzea ez ezik enpleguaren bidez lan-mundura sartzeko tresnak eskaintzea ere  baitu helburu programak.

Hondakinak erretiratzeaz gainera, beste zenbait proiektu berritzaile burutu dira: Munoa finkaren paisaiari buruzko azterlan osoa, eta horren barruan, Udalak epe labur-ertainean abian jartzeko asmoa duen kultur inguru berde horretarako erabilera proposamen bat.

Beste programa batzuei ere eman zaie jarraipena, hala nola, hiriko informazio-emaileena; eskolak margotzekoa; hiri altzarien mantentze lanetakoa, 500 jesarleku berreskuratu dituena; berdeguneak egokitzekoa; hiri-argiteria hobetzekoa; gizarte-erabilerako hiru etxebizitza zeharo birgaitzekoa;  euskararen erabilera  eta herritarren parte-hartzea sustatzekoa eta gazteak emantzipatzen laguntzekoa.

KONTRATAZIOA BULTZATZEKO LAGUNTZA GUZTIAK EMANDA

2017-2018ko Enplegu Planak erabateko arrakasta izan du kontratazioa bultzatzeko laguntzen alorrean, erabiltzeko zeuden 183.000 euroak adjudikatu baitzaizkie Barakaldoko enpresei; halatan, udalerriko 32 lagun izan dira kontratatuak. Hori ikusita, hurrengo planari 20.000 euro inguru erantsiko zaizkio, bertako enpresek barakaldarrak kontrata ditzaten.

 

SUBIR