Barakaldoko Udaleko Enplegu Plan berriak eskoletako sarrera-irteerak kontrolatzeko lantalde bat aurreikusi du

Lanbiden gaur aurkeztutako proiektuak 137 langile kontratatzea du xede, bai eta barakaldarren enplegagarritasuna hobetzeko hogeita hamar bat ekimen ¿ asko, berriak direnak - garatzea ere. Eskatutako diru-laguntza 1.351.868 eurokoa da, eta udalaren ekarpena, berriz, 204.000 eurokoa.

Enplegua sustatzeko hogeita hamar bat jarduketetan gauzatuko da Barakaldoko Udalak 2018-2019rako prestatutako Tokiko Enplegu Plan berria, eta, udalerrian  langabezian direnei onura publikoko eta gizarte intereseko eginkizunak betetzeko lan aukera eskainiko die. Bestalde, martxan jarriko du  toki enpresek kontratazioak egiteko deialdia.

Gaur eman dute Enplegu Planaren proiektuaren berri Barakaldoko alkate Amaia del Campok eta Inguraldeko lehendakari Danel Solak, Lanbideren 2018ko ekitaldirako Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzetarako Laguntzen Deialdia aurkeztuz. Planak 137 onuradun izango ditu. Eskatutako diru-laguntza 1.351.868 eurokoa da, eta udalaren ekarpena, berriz, 204.000 eurokoa.

Amaia del Campok adierazi duenez, lan merkatura sartzeko aukerarik makalenak dituzten herritarrei zuzentzen zaie plana, hala nola, iraupen luzeko langabeak, 55 urtetik gorakoak, emakumezkoak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta hartzaileak eta 35 urte baino gutxiagoko gazteak.  "Bereziki kezkatzen gaituzten kolektibo horietara zuzentzen ditugu ekintzak, horiek baitira lanera sartzeko arazo handienak dituztenak, bai eta egoera kronifikatzeko arrisku handiena dutenak ere".  Enplegu aukerak ugaritzea da gobernu talde honen lehentasunetako bat".

Udal departamentu eta erakundeek egindako ekarpenak bildu ditu Planak, eta "barakaldarren bizi kalitateari on egingo dioten zenbait jarduketa berri bideratuko ditu", zehaztu du Amaia del Campok.

Horrela, bada, enplegua sustatuko duten 31 programa beteko dira, eta  102 langile kontratuko dira zuzenean, lauzpasei hilabetetarako.  Hainbat udal arlok egingo du lana koordinaturik: Hezkuntza, Gazteria, Euskara, Haurrak, Ingurumena, Udal Zerbitzuak, Herritarrentzako Arreta eta Gizarte Ekintza arloek.

TRAFIKOA ZAINDUKO DA ESKOLETAN
Nobedadeen artean, "Herri lagunkoia" dugu: hogei bat lagunek zainduko dituzte eskoletako sarrera-irteerak.  "Berariazko argibideak emango zaizkie ikastetxeetako sarbideetan ikasleak babes ditzaten, eta Barakaldo Antzokira edo Lorategi Botanikora egiten dituzten bisitaldietan  laguntza eman dezaten", adierazi du Inguraldeko lehendakari Danel Solak.

NOBEDADE GEHIAGO
Planaren beste nobedadeetako bat da Udalak hiriko ekipamenduetan jarri dituen arreta elektronikorako puntuak dinamizatzeko bi lagunez osatutako programa. Puntu horietan azalduko zaio herritarrari, zein diren udaletxera etorri gabe egin ditzakeen administrazio-tramiteak, bai eta nola erabili  ere pantailak.

 
Munoa parkea ere izan du kontuan Enplegu Plan honek.   Beste bi programa diseinatu ditu Planak, Eusko Jaurlaritzaren Ondare Saileko zuzendaritzak babestutako eraikinen katalogoan sartua duen altxor berdeari duen garrantzia emateko. Programak hiru lagunei emango die lana.  Finkak dauzkan zuhaitz guztien osasun egoerari buruzko aurreikuspen- diagnostikoa izango du xede, batak. Besteak, berriz, Lutxana eta Burtzeña lotzen dituen errepidetik hurbil dagoen eremua garbitu, egokitu eta bertoko sastrakak kentzea.

Era berean, sei lagun kontratatuko ditu programak ibilbide irits-errazen  mapa egin dezaten, Barakaldok landu nahi duen hiri lagunkoi kontzeptuan sakontzeko.   Mapa horretan agertuko dira hiriko ekipamendu eta interesguneetara bisitari eta herritarrak zuzen, erraz eta bizkor iristeko ibilbideak.

Bestalde, lau lagunez osatutako baso-lantalde bat eratuko da Barakaldoko ibilbide laburreko bidexka eta ibilbideak garbitzeko, herritarrak inguru berdeez goza daitezen aisialdian.

Lanbideri aurkeztu zaion Enplegu Planak hiru jarduketa prestatu ditu merkataritza, ostalaritza eta hiri-enpresarako, eta 8 lagunek jardungo dute horretan.  Lehenengoaren bidez, Barakaldoko Enpresa Mapa eguneratu eta hobetuko da, geoposizonamendurako  eta negozioak kokatzeko tresnaren erabilera optimizatuz.

Bigarrenak, "ikasi eta aurre egiten duten" eta jardunbide egokien bitartez beren jarduera finkatzen duten  Barakaldoko hiri enpresak agerian jartzea du xede.

Hirugarrenarenak, berriz,  uda ostean martxan jarriko den udal app-ari errentagarritasunik handiena atera ahal izateko  aholkularitza eta euskarri teknologikoa in situ ematea.   Bi funtzionaltasun eskaintzen ditu aplikazio mugikorrak sektorearen segurtasuna areagotzeko eta egunean eguneko eskaintzak ezagutzera emateko.

Nabarmentzekoak dira, bestalde, Barakaldoko historia herritar berezi eta bitxien bitartez berreskuratzeko plana, batetik, eta Udal Musika Kontserbatorioko gelak hosgabetu eta udal artxiboaren inbentarioa egitea, bestetik.

Gainontzeko programek jarraipena emango diete aurreko deialdietako enplegu planei esker sendotuz joan diren lan-ildoei, hala nola, udal etxebizitzak zaharberritzea, hiri altzariak mantentzeko lanak, gazteak emantzipatzeko sostengua, narriatutako landa eremuak berreskuratzea eta euskara sustatzea. Iaz abiarazitako kontrolik gabeko isurketa puntuak deuseztatzeko programa "errepikatuko dugu oso onak izan baitziren iaz lortutako emaitzak.  Lantaldeak 14 tona obra-hondakin, hondakin eta bolumen handiko elementu erretiratu zituen", erantsi du Inguraldeko lehendakariak.

KONTRATAZIOAK EGITEKO LAGUNTZAK HANDITU DIRA
Kontratazioak egiteko laguntzetarako beste poltsa bat sartu du Udalak Lanbideri aurkeztutako proiektuan, 202.209,62 euroko aurrekontuarekin (aurreko deialdian baino 19.000 euro gehiago). 35 kontratazio aurreikusten ditu.  Barakaldoko enpresei zuzendutako deialdiak diru-laguntza orokorrak eta bereziak (zailtasun bereziak dauzkaten kolektiboetarako) bideratuko ditu  udalerriko langabetuak kontratatzen dituzten bertoko enpresentzat.

SUBIR