Ehun bat lagunek hartu dute parte Inguraldek 45 urtetik gorakoentzat antolatutako enpleguari buruzko jardunaldian
Jardunaldiak kolektibo horren enplegagarritasuna sustatzeko funtsezko alderdiei buruzko informazioa ematea izan du xede, eta besteak beste, erabateko enplegua helburu duen lanbide-profilerako prestakuntzazko eguneratze programen, eta lan-bizitzan lortutako esperientzia egiaztatzearen berri eman da
Ehun bat lagunek hartu dute parte ostegun honetan Inguraldek-Barakaldoko Udaleko garapen agentziak 45 urtetik gorakoentzat antolatutako enplegu-aukerei buruzko jardunaldian. Jardunaldia Clara Campoamor Zentro Zibikoan egin da, eta bertan, funtsezko alderdiak landu dira, egoera horretan daudenek enplegua lortzeko prozesuari arrakastaz ekin diezaioten.
“Jardunaldiaren xedea 45 urtetik gorako langabetuei erabateko enplegua helburu duten lanbide-profilerako prestakuntzak duen garrantzia helaraztea da, eta bereziki, alor hauetako prestakuntzak: elektrizitatea eta elektronika, robotika eta telekomunikazioak, fabrikazio mekanikoa, instalazioak eta mantentze-lanak. Alor horietako prestakuntzazko eguneratzea funtsezkoa izan daiteke lanean berriz hasteko” azaldu du Inguraldeko lehendakari Danel Solak.
`45 urtetik gorakoa eta enplegua? Enplegagarritasun handiko lanbide-profiletarako prestakuntzazko eguneratzea´ izenburupean egin den jardunaldiari hasiera emateko, elkarrizketa-eztabaida formatuko mahai-ingurua gauzatu da, eta kolektibo horrentzat kezkagarriak diren gaiak zuzenean landu, eta garapen profesionalaren inguruko erabakiak errazago hartzeko ideiak ere eman dira.
Honako hauek hartu dute parte mahai-inguruan: Julen Elgeta (HETELeko lehendakaria, Euskadiko gizarte-ekimeneko lanbide heziketako ikastetxeen elkartea); Luis Mari Saratxaga (Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren izenean); eta Gonzalo Salcedo (CEBEKeko idazkariorde nagusia).
Profesionaltasun egiaztagiriak
Jardunaldia 9:15etik 12:30era bitartean gauzatu da. Mahai-inguruaren ostean, hau da, bigarren zatian, bertaratuek lanbide-gaitasunen ebaluazioan adituak direnekin elkartzeko aukera izan dute, eta bertan, profesionaltasun egiaztagiria zer den, lan-esperientzia egiaztatuz lortu daitekeela, eta zein baldintza bete behar den azaldu diete. Gizarte-erakundeetako eta etxez etxeko garbiketaren, metalaren eta mendekotasunaren sektoreetako lan-esperientzia egiaztatzeari buruzko azalpena izan da nagusi.
