Bi artista gaztek hogeita hamar banku eta hiri-elementuetan interpretatuko dute Barakaldoko garapen demografikoa
‘Artea Kalean’ hiria hobetzeko 2017-2018 Enplegu Planaren barruko 25 ekintzetako bat da eta Barakaldoko Udaleko garapen agentziak jarri du martxan
Barakaldon, 2018ko urtarrilaren 20a
Arte garaikidea Barakaldoko hiri-mapan txertatuko da ‘Artea Kalean’ proiektuaren eskutik, zeina Barakaldoko Udaleko garapen agentzia den Inguraldek sustatzen duen. Hiria hobetzeko 25 ekimenetako bat da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak laguntzen duen 2017-2018 Enplegu Planaren barruan.
‘Artea Kalean’ ekimenak langabezian dauden eta Arte Ederretan lizentziadunak diren bi artista gazte kontratatu ditu. Artista horiek Barakaldoren historian oinarrituko dira maiatza arte bertako hiri-espazioan interbentzio artistiko bat aurrera eramateko. Horretarako euskarriak hogeita hamar banku eta hiri-altzarietako elementuak izango dira, hiru espazio hauetan: Done Bikendi, Clara Campoamor ingurunea eta Eskulturen Parkea, eta Arteagabeitia auzoa. “Bi artista gazte hauek lagunduko digute hiria edertzen mezu baten bidez: Barakaldok historian izan duen eraldaketa balioetsi behar dugu, eta baita emakumeak lan horretan izan duen papera ere, liburuetan gutxitan aldarrikatuta ikusten den papera, alegia”, azaldu du Amaia del Campo alkateak.
BARAKALDOKO NORTASUNARI BURUZKO HIRU IBILBIDE
Kontratatutako bi artista gazteek proiektu honetan jarri dute artearekiko beren pasioa. Hiriko historia eta espazioa birpasatu dute lurraldearen eta demografiaren nortasunari buruzko proiektua sortzeko. Proiektu hori hiru ibilbide artistikoetan islatuko dute.
Lehenengo ibilbideak izango du hedadurarik zabalena. Paisaiak, lurraldearen historiak eta demografiak bizi izan dituzten aldaketak erakutsiko ditu. Horren barruan daude Done Bikendiko Elizako Plaza, bertako parkea, Clara Campoamor ingurunea eta Arteagabeitiako Cantabria Plaza. Interbentzio artistikoa arretaz aukeratutako banku multzoan gauzatuko dute, eta kolore-kode hau jarraituko da.
Bigarren ibilbideak emakume barakaldarrei gorazarre egingo die, hain zuzen ere, hiriaren historian utzi duten aztarna adierazteko. Bost bankutan sortuko da Barakaldoko auzoei lotutako emakumearen bizi-aldien pintura-irudikapena, eta adibidez, haurtzaroa Urban Gunearekin lotuko da –Barakaldoko hiri-gunerik berrienetakoa–, eta zahartzaroa, berriz, Done Bikendirekin –hiri-sarearen jatorria–. Bost banku horiek Arteaga kalearen eta Arteagabeitia auzoko Euskadi Etorbidearen elkargunean kokatuta daude.
Margotu eta gero, bankuei erabilerak eragindako hondatzearen kontrako tratamendu berezia emango zaie.
Hirugarren ibilbidearen interbentzioa hiri berritzailearen adierazpenari dagokio eta Eskulturen Parkean egingo da. Interbentzio horretan Bakeola Taldeak hartuko du parte, hain zuzen ere, Barakaldoko oroimen historikoaren berreskurapenerako bere testigantzen laguntzaren bidez. Ekintza hori lau idulkitan gauzatuko da: gainazala zeramikaz egindako lauzaz estaliko da, eta koloreak erabiliko dira hiriak bizi izan dituen aldiekin lotzeko. Bertan inprimatuko da proiektu honetarako beren bizi-testigantza partekatu duten emakumeen larruaren argazki makroa.

