Barakaldo hartu du hirien garapenerako eredu gisa Weißwasser eskualde alemaniarrak

Udalaren garapen-agentziak, Inguraldek, Alemaniako erakundeetako zenbait ordezkari jaso ditu gaur eta Barakaldo negozio-erakargarrien eta -aukeren foku bihurtzeko udal-estrategiak ezagutarazi dizkie

Barakaldo, 2017ko urriaren 27a

Alemaniako Weißwasser eskualdeko erakundeetako hamar ordezkari Barakaldon izan dira gaur hiriaren garapen-eredua eta hiria negozio-erakargarrien eta -aukeren foku bihurtzeko Udala egiten ari den lana ezagutzeko asmoz.

Bilbao Metrópoli-30 elkarteak antolatu du bisitaldia Weißwasser-en iaz izandako hirien garapen berritzaileari buruzko jardunaldi batzuen ildotik, eta Barakaldoko alkateak, Amaia del Campok, egin dio harrera erakundeetako ordezkariz eta gizarte zibileko kidez osatutako delegazioari.

Ordezkarien bisita Udalaren garapen-agentzian hasi da, eta, han, Inguraldek enplegua sustatzeko martxan dituen jarduera-lerro nagusiak, hiriko enpresa-sareei eskaintzen zaien laguntza-zerbitzua eta berrikuntza eta ekintzailetza bultzatzeko neurriak azaldu dizkiete udal-teknikariek kanpotarrei.

Era berean, Hirigintza Zinegotzitzako teknikari batek udalerriak azkenaldian izan dituen hirigintza-aldaketak azaldu dizkie, bai eta hiri adimentsu gisa garatzean Barakaldori sortzen ari zaizkion hazkuntzarako, truke ekonomikorako eta ezagutza-trukerako aukerak ere. Zentzu horretan, Inguraldeko presidenteak, Danel Solak, azpimarratu du Weibwasser eskualde alemaneko delegazioaren bisita honek "Barakaldoko eredua ezagutarazteko ez ezik, etorkizunean elkarlana ekar lezakeen ordezkariekiko hurreneko kontaktu gisa ere balio duela".

Inguralde ezagutzeaz gain, ordezkariak Urban zonaldean, hiriaren garapen-ardatz berrietako batean, izan dira, bai eta BIC Bizkaia Ezkerraldea zentroan (Ezkerraldeko Enpresa Garapenerako Zentroa) ere; izan ere, zentro hori industria-azpiegitura zaharkitu bat Ezkerraldean eta Meatzaldean aberastasuna eta enplegua sortzeko enpresak sortu, dibertsifikatu eta finkatzeko laguntza-zentro moderno bihurtu izanaren adibidea da.

SUBIR