Barakaldok zeremonia sektoreko Tokiko Saltokien lehen erakusketa antolatu du Portu kalean
Urriaren 21ean eta 22an, ‘Barakaldo, bai nahi dut’ izeneko ekimenean elkartutako hiriko 11 profesionalek eta saltokik zeremonietarako produktuak eta zerbitzuak ezagutaraziko dituzte
Sektoreko lehen erakusketa hau Inguraldek-Udalaren garapen agentziak- sustatu du saltoki txikiak berriro bultzatzeko eta enpresen arteko lankidetza-sarea sortzeko asmoz
Barakaldo, 2017ko urriaren 17a
‘Barakaldo sarean’ Barakaldoko Udalak hiriko saltoki txikiak bultzatzeko abiarazi duen ekimen berria da. Udalak, Inguralde-garapen agentziaren bidez, urriaren 21ean eta 22an Portu kalean egingo den zeremoniaren sektorearekin lotutako tokiko saltokien lehen erakusketa antolatu du. Sektoreko networking alorreko esperientzia pilotua da, “produktu eta zerbitzu desberdinak baina bezero bera duten enpresek elkarlanean jarduteaz gain, informazioa partekatu, ezagutza sortu eta salmenta gurutzatuak ere egin ditzaten” azaldu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok.
‘Barakaldo sarean’ ekimena aste honetan abiaraziko da, eta zeremonia-munduaren inguruan sortu den sektoreko lehen taldearen aurkezpenak emango dio hasiera. Inguralderen laguntzaz, hiriko 11 profesional eta establezimendu elkartu dira ‘Barakaldo, bai nahi dut’ ekimenaren inguruan, jarduerak elkarrekin egin, eta hiriaren barruan ez ezik, kanpoaldean ere ezagutarazteko asmoz. Honako establezimendu hauek hartuko dute parte: Ane de Cocó; Cadó osagarriak eta bisuteria; Danita´s Bakery sormenezko gozotegia; Ladrero argazkilariak; Hydra Estetika Integrala; Javier Santurtún; Presa bitxitegia; Mentxu moda; Pedro Montero ile-apaintzaileak; Ana Morgado ile-apaindegia eta Larrea Jauregi Berria. “Ahalmen handiko taldea da, ondo egindako lana, kalitatezkoa eta azken joerak bultzatzen dituztelako, gainera, elkarrekin ezagutaraztea dute xede” esan du alkateak.
PORTU KALEA
‘Barakaldo, bai nahi dut’ ekimena izango da lehena elkarrekin egingo dutena asteburu honetan, Portu kalean, inguru horretan hutsik dauden merkataritza lokalak suspertzeko eta sormenezko ardatza garatzeko Inguralde burutzen ari den lankidetza publiko-pribatuko proiektuaren barruan. Alkateak gogorarazi duenez, “produktuak eta zerbitzuak ezagutzera eman nahi dituzten hiriko sortzaileen eskura dauden lokalak dira”. Proiektu honetan parte hartu nahi dutenak Inguraldeko Enplegu Arloarekin jar daitezke harremanetan.
Larunbatean, Portu kalera hurbildu nahi duenak 12:00etatik 16:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egin dezake, igandean berriz, goizez baino ez. Hutsik dauden lau lokal saltoki parte-hartzaileek apaindu eta girotuko dituzte beraien zerbitzuak eta produktuak erakusteko. Gainera, bertara hurbiltzen direnei familiako ospakizunen bat dutenean, hala nola ezkontza, urteurrena, etab. herriko saltokietan aurki dezaketen produktuen berri ere emango diete.
Zeremonia sektoreko Tokiko Saltokien I. erakusketari buruzko informazioa, bai eta Portu kaleko merkataritza suspertzeko proiektuaren ingurukoa ere webgunean (www.inguralde.com) aurki daiteke. Europako Gizarte Funtsak % 65ean finantzatzen duen ‘Ibilbide Paregabeak’ programaren barruan dago ekimena.
