Nola hauteman gezurrezko aipamenak

Fidatzeko modukoa den eta ez den informazioa bereiztea oso zaila da eremu honetan; iruzkin faltsuak edo gezurrezkoak identifikatzea oso lagungarri izan dakizuke. 

Internet ezinbesteko tresna bihurtu da erabaki informatuak hartzen laguntzeko, batez ere produktu bat erosi edo zerbitzu bat kontratatu nahi denean. Bidaia bat edo ostatu bat erreserbatu, jatetxe bat aukeratu edo produktu bat erosi aurretik, jende askok erreseinak edo aipamenak kontsultatzen ditu, erosiko duten horrek merezi ote duen jakiteko. Beste kontsumitzaile batzuek partekatutako esperientziak oso lagungarriak izaten dira erabaki bat hartzeko garaian; hala ere, aipamen faltsuak sartzen dituzte eta horrek irakurlearen pertzepzioa desitxura dezake.

Horregatik, oso garrantzitsua da aipamen faltsu horiek identifikatzen jakitea, zure erabakiak fidatzeko moduko eta benetako informazioan oinarrituta hartzen dituzula ziurtatzeko. Iruzkin faltsuak izan daitezke honako hauek:

  • Profilean ez badago irudirik, ez datu pertsonalik, edo sortu berria baldin bada. Profil horien bitartez, enpresa bati balorazio oso positiboa egiteaz gain, lehiakideen balorazio negatiboak ere egin ditzakete, batez besteko puntuazioa jaisteko. Arakatu aipamenen historia.
  • Argazki asko badaude, kalitate onekoak, xehetasun guztiekin (gehienak ez dira beharrezkoak) eta oso positiboak, hasi susmo txarra hartzen. Oso arraroa da norbaitek hainbeste denbora hartzea iritzi bat emateko, argazki perfektuak jarrita, ezeren truke. 
  • Enpresa berria bada, harritzekoa da iritzi asko izatea, eta are gehiago positiboak badira, neurriz kanpo.
  • Iruzkinak oso generikoak badira.
  • Idazteko modua ez bada oso naturala, edo formalegia bada, publizitatean aritzen den norbaitek idatzia delako itxura emanez.
  • Denbora-tarte labur batean aipamen asko badaude.
  • Gako-hitz jakin batzuk errepikatzen badira, produktu edo zerbitzu baten SEOa hobetzeko sortutako aipamen faltsuak izan daitezke.

Gezurrezko aipamenak debekatuta daude, eta zehapena jartzeko arrazoia izaten da hori

Izen ona hobetzeko asmoz, zenbait enpresak gezurrezko balorazioak argitaratu dituzte. EBn eta Espainiako gobernuan jokabide horrekin amaitzeko erabakia hartua dute. Azaroaren 2ko 24/2021 Errege Lege Dekretuan xedatzen denez, aipamen edo erreseinak egiazkoak direla bermatu behar dute enpresek eta, horretarako, nola sortzen diren adierazi behar dute, eta argitaratutako aipamenak produktu bat erosi edo kontratatu duten pertsonek egin dituztela ziurtatu.

Arau horren helburua da Interneten aipamen faltsuak argitaratzen dituzten pertsonak salatzea eta zigortzea, kontsumitzaileek erosketa-erabaki okerra hartzea ekar dezakeen informaziorik ez ematearren.

Erreseinak egiazkoak direla bermatu behar dute enpresek, eta horren berri eman; bestela, merkataritza-jarduera engainagarria egiten ari dira, eta horrek zigorra ekar dezake. Isuna milioi bat eurokoa ere izan daiteke, edo legez kontra lortutako irabazia halako zortzi. 

Iturria: Kontsumobide aldizkaria. 50 zk.

SUBIR