''Autoen kartela'' deiturikoari buruzko argibideak
Kontsumobidek “autoen kartela” dela-eta jaso dituen azken erreklamazio eta kontsulten aurrean, kontsumitzaileentzat interesgarriak diren alderdi batzuk argitu nahi ditu. 2015 eta 2016 artean, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) isuna jarri zien autoak fabrikatzen zituzten 21 enpresari, 172 kontzesionariori eta 2 aholkulariri lehiaren aurkako praktikak egiteagatik.
Enpresa horiek merkatuaren % 91 osatzen dute, eta zenbait unetan, autoak saltzeko prezioak manipulatzeko aukera ematen zieten praktikak jarri zituzten martxan, eta, ondorioz, kalte egin zieten kontsumitzaileei.
2024ko otsailaren 14a
Marka horiek administrazioarekiko auzibidean jarri zituzten errekurtsoen ondoren (gehienak CNMCk ukatuak), Auzitegi Gorena zehapen horiek berresten ari da. Hala ere, epai batzuek ukatu egiten diete kontsumitzaileei behar baino gehiago ordaindutako zenbatekoak haiei itzultzea.
Zer pertsona daude kaltetuta?
2006 eta 2013 artean ibilgailu bat erosi zuten pertsonak kaltetuta egon daitezke, erosi zuten autoaren markaren eta kontzesionarioaren arabera. Beraz, lehenik eta behin, kaltetutako pertsona den jakin behar da, kontsumitzaileen hainbat elkartek aplikazio informatiko errazak sortu dituzte informazio hori lortzeko (esaterako, Autoen Kartelak Kaltetutakoen Elkartearena).
Nola erreklamatu?
Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak dagoeneko zigortu ditu inplikatutako markak, eta zehapen horiek irmoak dira. Hala ere, bidegabe kobratutako zenbatekoak ez dira ofizioz itzultzen ari, eta auzibidera jo beharra dago.
Kontsumobideren gomendioa da kaltetutako pertsonek, kontzesionarioekin edo markekin akordiorik lortzen ez badute, kontsumitzaileen elkarteetara jotzea, besteak beste EKA, UCE, Facua, Asufin, OCU edo aipatutako Autoen Kartelak Kaltetutakoen Elkartera. Erreklamazioak kudeatzen ari diren abokatu-bulego asko ere badaude.
Erreklamatzeko epea
Erreklamazioa aurkezteko epea 5 urte luzatu zen, eta 2026an amaituko da. Kontuan izan behar da erreklamazioa egiteko epea ez dela berdina marka guztientzat. Horietako bakoitza zehatu zen unearen araberakoa da. Nolanahi ere, erreklamazioa aurkezteko epea lehenago amaitzen den marken kasuan 2026ko apirilaren 20an amaituko da.
Nola dakit zenbat erreklamatu behar dudan?
Erreklamazioaren zenbatekoa markaren, modeloaren eta abarren araberakoa da. Gama ertaineko ibilgailuetan 1.500 eta 2.000 euro artekoa izan daiteke, eta gama altuko ibilgailuetan 9.000 euro artekoa.
Peritu-txosten bat eskatu behar da, zehazten duena zein den itzularazteko eskubidea dugun zenbatekoa. Hori dela eta, gomendagarria da abokatu-bulegoetara edo kontsumitzaileen elkarteetara jotzea.
Nolanahi ere, kaltetutako pertsonek legezko interesak jasotzeko eskubidea ere dute.
Iturri: Kontsumobide