Inauteri seguruak: zertaz mozorrotuko zara?
Mozorroen hautsa kentzen 3, 2, 1... Aurten inauteriak laster datoz, otsailaren 2ko asteburuan Euskal Herriko zenbait auzo eta herritan ospatuko dira , beraz, oraindik ez badakizu zertaz mozorrotu, sentitzen dugu, baina hemen ez dizugu ideiarik emango... Guk mozorro segurua izateko hainbat aholku emango dizugu, eta hobe duzu horiek jarraitzea, inauteri seguruak izateko. Mozorro on bat aukeratzea ez da erraza, eta "ona" esaten dugunean, originaltasunaz ez ezik, segurtasunaz ere ari gara. Jarraitu gure aholkuei:
Haurrentzako mozorroak (12 hilabetetik 14 urtera arte)
- Jostailuak direla dio araudiak.
- Segurtasun-baldintza zorrotzagoak bete behar dituzte, eta CE marka erakutsi. Hemen erakutsiko dizugu nola bereizi Europako eta Txinako CE marka.
- Adi adin-tarteari. Zein adinerako egokiak diren adieraziko dizu.
- Kontsultatu berariazko ohartarazpenak, batez ere 36 hilabetetik beherakoekin artikulua nola erabili erakusten dutenak.
- Suarekiko erresistenteak izan behar dute, ez dute pieza txikirik eduki behar, puntarik edo ertz ebakitzailerik, ezta lokarririk edo sokarik ere lepoan, itolarria saihesteko.
Helduen mozorroak
Ehungintzako produktuetarako ezarritako etiketa-, konposizio- eta kontserbazio-baldintzak bete behar dituzte. Besteak beste, enpresa fabrikatzailearen edo arduradunaren izena, helbidea eta izen soziala adierazi behar dira. Egiaztatu, halaber, erabilera-jarraibideak badituela (gaztelaniaz agertu behar dute); irakurri eta adi egon, batez ere segurtasun-ohartarazpenei.
Maskarak. Arnasa normaltasunez hartu ahal izateko zulo nahikotxo izan behar dute.
Pinturak eta makillajea. Kosmetikoak dira. Erreparatu osagaiei, iraungitze-datari eta balizko alergiei. Ziurtatu, halaber, erraz garbitzen direla.
Erosi aurretik, bilatu etxetik, agian berrerabil dezakezun zerbait izango duzu. Eta erosi behar baduzu, zer hobe hurbileko saltokietan erostea baino. Internet bidez erosten baduzu, egin webgune seguruetan eta gogoratu 14 egun dituzula produktua itzultzeko, azalpenik eman gabe. Gorde beti erosketa-tiketa edo faktura edozein itzulketatarako.
Iturri: Kontsumobide