Smishing: erne banku-entitate gisa agertzen diren zibergaizkileen mezuekin

“Segurtasun-arrazoiak direla eta, zure txartela blokeatu egin dugu. Egiaztatu zure kontua sarbidea aktibatzeko esteka honetan.”

“X egunetik aurrera ezingo duzu zure kontua erabili zure segurtasun-sistema eguneratu arte; sakatu esteka honetan eguneratzeko”.

“Zure aplikazioan ezohiko mugimenduak hauteman ditugu, prebentzioz, zu izan ez bazara, egiaztatu gure webgunean esteka honetan klik eginez”. 

Barakaldon, 2023ko urtarrilaren 25ean

Seguru noizbait mezu horietakoren bat jaso duzula mugikorrean. Erne, iruzurrezko mezuak izan daitezke. Banku-entitate bat direla sinetsarazi eta ikaratu nahi zaituzte, erantsitako estekan sar zaitezen. Behin sartuta, bankuko datuak eskatuko dizkizute, zure banku-kontura sartzeko gakoak lapurtzeko.

Esteka sakatu duzu eta zure datuak sartu dituzu? Zer egin dezakezu?

Zure datuak eman badituzu (erabiltzailea, pasahitza, datu pertsonalak edo finantza-datuak), ahalik eta lasterren jar zaitez harremanetan zure banku-entitatearekin, eta gertatutakoaren berri eman. Transakzio posibleak ezeztatu, txartelak edo zure konturako sarbidea blokeatu, eta pasahitzak aldatu ahal izango dituzu.

Online bankara sartzeko gako bera beste zerbitzuren batera sartzeko ere erabiltzen baduzu, hura aldatzea gomendatzen dizugu.

Nola saihestu daiteke?

  • Ez fidatu zure txartelak edo kontuak bloketatu direla edo gailu bat zure online bankara konektatu dela hauteman dutela dioten mezuez, ziur asko iruzurra izango da.
  • Ez sartu erabiltzaile ezezagunek bidalitako esteketara eta ez ireki haien mezuak.
  • SMSaren jatorria ezaguna bada ere, erne ibili, hori ere iruzur bat izan daitekeelako. Ez sakatu inoiz estekarik, hala egiteko adierazi arren. Edozein zalantza izanez gero, lehendabizi jarri harremanetan zure bankuarekin, eta gertatutakoaren berri eman.
  • Online bankan edo edozein webguneren arlo pribatuan sartzeko, erabili beti webgune ofizialetako sarbideak. Idatzi zuzenean web helbidea nabigatzailean, eta ez sartu haietara beste gune batzuetan dauden esteketatik. Webgune egokian zaudela eta konexioa segurua dela ziurtatzeko, erreparatu URLari (ongi idatzita egon behar du, https://-z hasi behar du, eta giltzarrapo itxi bat eduki behar du).
  • Babestu zure kontuak. Erabili pasahitz seguruak eta egiaztatze bikoitzeko sistemak ahal den guztietan (sarbide-pasahitza ez ezik, segurtasun-egiaztapen osagarriak badu ere SMS bat edo sarbide biometriko bat, adibidez).
  • Izapideak egiteko zure bankuaren App-a erabiltzen baduzu, ziurtatu bertsio ofiziala duzula.
  • Ez sartu zure online bankan gailu edo wifi publikoetatik.

 

Iturri: Kontsumobide

SUBIR