Nola aurreztu dezakezu energiaren fakturan, jokaera soil batzuekin?

Energia behar-beharrezko ondasuna da, eta egunero erabiltzen dugu gure jarduera askotan. Baina energia ez da amaigabea, ahalik eta modurik eraginkorrenean erabili behar dugu, ez bakarrik dirua aurrezteko, baizik eta baita ingurumenean inpaktu txikiagoa eragiteko ere.

Jatorri fosileko energia, ikatzetik, petroliotik edo gasetik abiatuta sortzen dena mugatua da eta agortzen ari da; gainera, ez da ingurumenerako aukerarik onena.  Funtsezkoa da energia-iturri berriztagarrietarako trantsizioa egitea, baina hori ere ez da nahikoa izango. Beharrezkoa da ohiturak aldatzea, eredua aldatzea, eta hori ez da enpresa handien edo gobernuen ardura bakarrik; beharrezkoa da gure kontsumitzeko modua aldatzea, baita energia kontsumitzeko gure modua ere.  Energia aurreztea gure planeta babestea da, gure habitata babestea. Energia aurreztu nahi badugu modu eraginkor eta adimentsuan erabili behar dugu.

Maila txikian, keinu xumeak dira gure laguntzarik onena. Etxean energia-aurrezpen nabarmena lortuko duzu eta gutxiago ordainduko duzu argindarraren eta gasaren fakturetan.

Lehenik eta behin, doitu ezazu faktura zure beharretara. Fakturan bertan dituzu datuak; bat al dator kontratatuta duzuna zure beharrekin, edo behar duzuna baino gehiago duzu kontratatuta?

  • Oinarrizko neurri modura, eros itzazu A energia-etiketadun etxetresna elektrikoak, kategoria txikiagokoek baino argindar askoz gutxiago kontsumitzen baitute. Hainbat aukera dituzu: plaka, mikrouhin-labea, labea… Aukera ezazu egin behar duzunerako ondoen datorrena. Aprobetxatu garbigailuaren eta ontzi-garbigailuaren gehienezko edukiera eta, ordu erdi baino gehiagoan erabili behar ez badituzu, itzal itzazu gailu elektronikoak (ordenagailuak eta telebista, adibidez). Ez itzazu utzi stand by moduan ere, hori eginez gero, etxeko energia-kontsumoaren % 7 kontsumi baitezakete.
  • Aprobetxatu egun-argia. Argirik onena da; aurrezten laguntzeaz gain, alaitasuna emango dizu, bai eta baikortasuna ere.Lanerako edo irakurtzeko guneak leihoetatik gertu jartzen badituzu, ez duzu argirik piztu beharrik izango egun argitsuetan. Eta gauez, itxi leihoak, pertsianak eta gortinak, berotasunari eusteko.
  • Erabil itzazu kontsumo txikiko bonbillak, LED teknologiadunak, esaterako. Tradizionalek baino % 80 energia gutxiago kontsumitzen dute, eta gehiago irauten dute. Merezi du era horretako argiak erostea, izan ere, luzera begira, aurreztu egiten da.
  • Ez estali erradiadoreak. Erradiadoreak oztopa ditzakeen edozein gauza jarriz gero (hala nola lehortzeko jar ditzakezun arropak edo erradiadoreetarako estalkiak), zailtasun handiagoz irtengo da airea. Gelak ez dira horren azkar berotuko, eta galdarak gehiago lan egin beharko du, eta beraz, handiagoa izango da kontsumoa.
  • Egun hotzetan, aprobetxa itzazu egun eguzkitsuak etxea epeltzeko eta, era horretan, geroago piztu beharko duzu berogailua. Pizten duzunean, har ezazu kontuan nahikoa dela etxea 19 gradutan edukitzea, eta gogoratu gradu gehigarri bakoitzeko % 7 garestiagoa izango dela faktura. Termostato programagarria baldin baduzu, gela bakoitzeko pizte-unea eta itzaltze-unea kudeatu ahal izango dituzu, baita telefono mugikorretik ere. Kontua da etxean eroso egotea, baina ez hondartzan egongo bazina bezala; jantz itzazu berotuko zaituzten arropak, berogailua ez baita beroa edukitzeko, hotzik ez edukitzeko baizik.

Eta zuk, energia aurrezten laguntzen duen zer neurri hartzen duzu?

 

Iturri: Kontsumobide

SUBIR