Barakaldok "Creativity Market" irekiko du datorren larunbatean Gabonaldiko karpan, eta 24 postuk bertako artisautzaren onena eskainiko dute
Barakaldoko Udalak Gabonetako jarduerak garatzeko Herriko Plazan jarri duen guneak Artisautza eta Sormen Merkatuaren edizio berri bat hartuko du, urte sasoi honetako erosketen alternatiba arduratsu eta justu bat izateko.
Azoka abenduaren 21ean, larunbata, irekiko da, 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:30era, eta 25 marka, denda eta zilarra, artilea edo kosmetika naturala lantzen duten profesionalek parte hartuko dute, besteak beste.
Barakaldo, 2024ko abenduaren 19a
Barakaldok "Creativity Market" azokaren ateak irekiko ditu datorren larunbatean, abenduak 21, "Km0" artisau, arte eta sormenezko produktuen erakusketa eta salmentarako gunea. Horren bidez, tokiko sektorea sustatzen da eta, aldi berean, erakargarritasuna eta dinamismoa sortzen da hirian, ekimen ludikoen bidez.
David Solla Inguraldeko presidenteak gaur goizean aurkeztu du "Slow Swet Atelier" marka parte-hartzaileetako baten dendan egin den azoka, eta esan duenez, "helburua da ikusgarritasun handiagoa ematea tirada laburreko produktu originalei eta egile-produktuei, Gabonetako erosketen aurrean alternatiba iraunkorragoa baitira".
Ildo horretan, Sollak gogorarazi duenez, merkatuak "tokiko merkataritza bera ikusarazten laguntzen du, bere eskaintzaren artean artisau-produktu asko baititu. Tokiko saltokiak produktu horien erakusleiho gisa funtzionatzen du, baina, batzuetan, merkatariak artisau ere bihurtzen dira bezeroen berariazko eskarira egokitzeko elementuak aldatzen, ’tuneatzen’ edo gehitzen dituztenean", adierazi du.
Aurten, gunea Herriko Plazan dagoen "Gabonaldia" karpan integratuta egongo da. Karpa horretan, Barakaldoko Udalak Gabonetan bultzatutako hainbat jarduera nagusi egongo dira. "Barakaldo Creativity Market" 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:30era egongo da irekita, eta 24 postu hartuko ditu. Horietan, produktuak saltzeaz gain, artisauek erakustaldiak egingo dituzte.
Artilea, kosmetika, bisuteria, zilarrezko bitxigintza, ilustrazioa, elikadura edo panpinak izango dira "Creativity Market" eko jarduera nagusiak. Zirku eta musika animazio berezia izango da irekiera egun osoan zehar. Merkatua animatzeko programa honako jarduera hauek osatzen dute:
- 11:30: Wild Dance Project dantza erakustaldia
- 12:00: Gabonetako josteko tailerra haurrentzat
- 12:00: DJ Izar Elektronikoa
- 12:00: Ilustrazioa - Express erretratuak
- 18:00: Gabonetako eskulan tailerra
- 19:00: Laupe musika emanaldia.
Gainera, egunean zehar "Erakustaldiak" izango dira Alimón Vintage-ren eskutik eta Urdaiazpikoa mozteko erakustaldia.
Ekitaldiak 20:30ean amaituko dira, parte hartzen duten postuetako produktuekin egindako saski baten zozketarekin, merkatuan gutxienez erosketa bat egin duten pertsona guztien artean.
25 marka, denda eta profesional parte-hartzaile
Hauek dira merkatuan dauden denda, marka eta partikularrak: Cucadas Party, Txiki Bitxiak, Itxaslooportu, Estelita Bisutería, Creaciones Monfofu, Dreamzone/Illuminati, La despensa de Anfi, Karola Kosmetika naturala, Para gustos...miles de colores, José Etxabe, Ojalá, Disem complementos, Mónica Alonso, Kuluxa artesanía, Slowswet atelier, Alimón Vintage, Kuttut art, Mano del Friki, Estudios Acuchus, Loft Di Laura, Kreative art Bilbao, Eva Gonzoñez Joyería, Kaoticat, El Rincón de la Aguja eta Productos Extremeños Hermanos Gallardo.
Artisautza eta Sormenaren Katalogoa
Azokarekin batera, Inguraldek "#Made in Barakaldo Artisautza eta Sormenaren Katalogoa" jarriko du bertaratuen eskura. Katalogo bizia da, eta une honetan udalerriko 30 artisau-marken fitxak biltzen ditu. Marka horietako batzuek establezimendu propioa dute. Katalogoa Inguralderen web orrian dago eskuragarri eta zuzenean sartu ahal izango da bertara QR kode baten bidez. Kode hori informazio-orrietan zabalduko da Herriko Plazako karpan.
"Duela 10 urte jarri genuen martxan lehen Creativity Market, eta urtez urte egiaztatzen ari gara Barakaldoko gizarteak ekimen horri erantzuten diola. Izan ere, gizon eta emakume horiek egiten dutena baloratzen du, tokiko artisautzaren ondare immateriala mantentzeaz gain, ekoizpen iraunkorraren aldeko apustua egitearen garrantzia ikusarazten baitigu", ziurtatu du Sollak."Pertsona horiek, beren ahalegin eta dedikazioarekin, kontsumo arduratsuagoa eta kontzienteagoa egitera bultzatzen gaituzte, eta horregatik bakarrik, gure erabateko babesa merezi dute".
Ekitaldi honi buruzko informazio guztia Inguralderen webgunean dago eskuragarri.