Barakaldok tokiko merkataritza prestatuko du sare sozialetatik ahalik eta etekinik handiena lor dezan

Inguraldek Innobak Beurko egoitzan dituen bulegoetan jardunaldi profesional bat egingo da datorren urriaren 27an, merkataritza sektoreari zuzenduta, ‘Sareetako lana kudeatzeko tresnei’ buruz.

Tailerra Bilboko Ganberarekin elkarlanean antolatu da eta Cristina Terán marketin digitalean adituak emango du. 

Barakaldon, 2022ko urriaren 10a

 Barakaldok prestakuntza espezifikoa eskainiko dio tokiko merkataritzari, sare sozialetan duen presentziari ahalik eta probetxu handiena atera diezaion, negozioarentzako kudeaketa-tresna eraginkor bihur dadin. Horretarako, datorren urriaren 27an Inguraldek Innobak Beurkon dituen bulegoetan "gure lana sareetan kudeatzeko tresnak" tailerra egingo du, Bilboko Ganberarekin elkarlanean. 

“Merkataritza batentzat, sare sozialak ondo ezagutzea eta erabiltzea negozio-aukerak hobetzeko modu oso inteligentea da”, ziurtatu du David Solla Ekonomia Sustatzeko zinegotziak. “Kudeaketa egoki batetik lortuko dituen onurak agerikoak dira: denbora aurreztea, eduki garrantzitsuen alertak eta komunikazioen norainokoa neurtzea”, adierazi du.

Tailerra Cristina Terán marketin digitalean adituak emango du, urriaren 27an arratsaldeko ordutegian, 14:00etatik 17:00etara. Interesa duten pertsonek izena eman behar dute Inguralderen webgunean eskuragarri dagoen formulario honen bidez. 

Tailerraren helburua denden eguneroko lana sare sozialetan erraztuko duten tresna nagusiak erakustea da. Bertaratutakoek funtzionalitate nagusiak ezagutuko dituzte, beren beharretara hobekien egokitzen direnak baloratu eta hauta ditzaten.

Zehazki, ikastaroak hiru atal nagusi jorratuko ditu. Lehenik eta behin, Feedly tresna azalduko da, eduki-iturriak aurkitzeko eta antolatzeko diseinatua. Jarraian, Facebookeko jatorrizko tresnak aurkeztuko dira edukia argitaratzeko eta programatzeko (Facebook Suite eta Creator Studio).Eta azkenik, Metricool-era hurbilketa bat egingo da. Tresna horrek hainbat sare sozialetan edukiaren emaitzak aztertzea eta lehiakideak monitorizatzea ahalbidetzen du.

“Sare sozialen aldeko apustua urrats adimentsua da saltokientzat, aliatu bihur daitezkeelako haien kudeaketan. Prestakuntza-proposamen honekin, gainera, sareetan inbertitutako denbora salmentetarako itzulera ekonomikoko inbertsioa izatea lortzen dugu”, Sollak ziurtatu duenez. “Hemendik, tokiko merkataritza animatzen dut tailer honetan izena ematera eta tresna horiek kudeatzen ikastera, gero eta garrantzi handiagoa izango baitute edozein negoziotarako”. 

SUBIR