4.0 Hiriak jardunaldientzat Portu kaleko dinamizazio-ekintzak merkataritzako berrikuntza-ereduak dira

Zientzia eta Berrikuntzako Hirien Sareak Amaia del Campo alkatea gonbidatu du arratsalde honetan Portu kalerako merkataritza-interbentzioaren berri emateko.

Barakaldo, 2018ko otsailaren 6a

Barakaldoko Udalak Inguralde Garapen Agentziaren bidez garatzen duen Portu kaleko dinamizazio-proiektuak ‘4.0 Hiriak: Berrikuntzak eta Teknologiak Sarean lan egiten dutenean’ jardunaldiko antolatzaileen arreta deitu du. Izan ere, merkataritzako berrikuntza-eredu hori arratsalde honetako hitzorduan aztertuko den bakarra izango da; ekitaldia Ermuko Izarra eraikinean izango da, eta estatuko hainbat hirietako ordezkariak bertaratzea espero da. Ekitaldi hori Sarean lan egiteko aukerak izango dituzten hiriei zuzenduta dago, hain zuzen ere, berrikuntza eta garapen teknologikoarekin zerikusia duten eskualde- eta nazioarte-mailako esperientzia nabarmenak kontatuko eta partekatuko dira.

Amaia del Campo Barakaldoko alkatea gonbidatu dute Barakaldok “hiri kreatiboa sortzeko” egin duen apustua aurkezteko, eta baita jokabide horren xehetasunak eskaintzeko ere. Europako ‘Rutas Singulares’ proiektuan txertatuta dagoen jokabide horren xedea hurrengoa da: Portu Plaza, Pormetxeta Plaza eta hirigunea biltzen dituen espazioan, bertoko botere kreatiboan eta artisau-indarrean oinarritutako merkataritza-ardatz berri baten funtsa kokatzea. 

Udala 2016tik dabil hainbat fase dauzkan proiektu garrantzitsu honetan lan egiten. Lehen fasearen barruan, bi ekintza daude. Lehen ekintzan, arreta guztia eremuaren irudia hobetzean eta garai bateko merkataritza-arteria osatzen zuten hogeita hamar lokal hustuak dinamizatzean jarri da. Horretarako, ‘Portu kalea, itxura berria, bizitzaz betea’ ekimena jarri da martxan; horri esker, dagoeneko merkataritzako 20 lokalen irudia berreskuratu egin da –pertsianak eta horma-irudiak margotu eta erakusleihoak dekoratu dira–.

Amaia del Campok zera zehaztu du: “Eragile asko inplikatu direnez gero, parte-hartzea garrantzitsua izan da, guztira, 21 jabe, bertako 6 saltoki, bertako 7 artista ezagun, 13 pertsona kreatibo, 7 margo-eskola eta 82 artista”.

TOKI HONETARA ARRETA ERAKARRI

2017ko uztaila eta abendua bitartean Barakaldoko Udaleko Garapen Agentzia den Inguraldek publikoa toki honetara erakartzeko lan egin du. Lan horren barruan, eta hilabetean birritan, astebururako programa zabala antolatu du kultura-ekintzekin eta jardunaldi artistiko eta kreatiboekin; egun horietan, programa gauzatzeko Udalari doan utzitako jabetza pribatuko 5 lokal biziaz bete ziren. Ekintza horien bidez, agerian utzi da hiriak daukan botere kreatiboa eta artisau-indarra, eta industria kreatiboen sektoreari ere agerikotasuna eskaini zaio.

Lehen faseko bigarren ekintzan, 19 kreatzailek beren produktuak lokaletan erakutsi dituzte, eta 81 pertsonak hartu dute parte argazkilaritza, pintura eta eskultura erakusketetan. Ekintzarik aipagarrienak bi monografiko izan dira: lehena, zeremoniaren sektorearena (bertan, hiriko 11 saltokik hartu zuten parte), eta bestea, argazkilaritzaren monografikoa (hogeita hamar profesional bertara inguratu ziren).

Proiektuaren emaitza izan da hilabete hauetan Portu kalean “sei jarduera-ekonomiko berriak sortu direla, eta horregatik, lanean sutsuki jarraituko dugu toki honen merkataritza bizkortzeko eta sektore kreatiboarekin lotutako negozio-aukera berriak sortarazteko”, ondorioztatu du alkateak.

2018ko helburua da biztanleen artean ‘Portu kalea’ marka sendotzea, hain zuzen ere, Bizkaiko aisialdirako eta kultura-ekintzetarako erreferentea izan dadin.  Xede hori lortzeko, aurreikusi da ekintzen proposamen eta kudeaketa gizarte-eragile berriengana zabaltzea, arlo kreatiboan mugitzen diren elkarteak inplikatzea, eta hileko-ekintzen proposamen berria diseinatzea.

SUBIR