Prestakuntza ikastaroak online eskainiko ditu Inguraldek Barakaldoko merkataritza eta enpresetarako.
Enpresa kudeaketari, giza baliabideei, informatikari eta Interneti buruzko hogei bat ikastaro eskainiko ditu merkataritza eta enpresa arlorako: eskaintza ireki eta malgua, enpresaburuek beren erritmora egokitzeko modukoa.
Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak sustatutako Barakaldo Mentor Gela ekimenaren bitartez gauzatuko dira ikastaroak. Duela hamar urte abiarazi zuen Barakaldoko Udalak Mentor Gela egitasmoa, Internet bidez, 165 ikastaro baino gehiago egiteko aukera eskaintzen duen ekimena. Barakaldo Mentor Gela da gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen bakarra.
Barakaldoko merkataritza eta enpresa arlorako Inguraldek egin duen aukeraketan, lan arriskuen prebentzioa, zerga-sistema, teknologia berriak, Interneteko segurtasuna, gizarte sareen kudeaketa eta kontabilitatea dira, besteak beste, landuko diren gaiak.
Urte osoan, abuztuan izan ezik, egin daiteke Mentor Gelan aritzeko matrikula, eta 48 euro ordaindu behar da ikastaroko. Horren truke, ikasleak 60 eguneko ikastaroa egin dezake, Barakaldo Mentor Gela plataformaren bidez. Denbora horretan tutore bat jarriko zaio eta bi azterketa-deialditara aurkeztu ahal izango da. Ez badu behar beste denbora izan ikastaroa betetzeko, beste 30 egunez luza dezake matrikula, beste 24 euro ordainduta.