Batuzen derrigortasunaren atzerapena eta borondatez ezartzeko pizgarri berriak

Elkargo profesionalen, enpresa-elkarteen eta zerga-aholkularitzaren arloko elkarteen ekarpenak jaso ondoren, Foru Ogasunak komenigarritzat jotzen du Batuz derrigorrez aplikatzeko ezarritako epea malgutzea. Beraz, epe hori 2024ko urtarrilaren 1era arte atzeratuko da eta Batuz 2022an edo 2023an ezartzen duten autonomoentzat, mikroenpresentzat eta ETEentzat %15erainoko konpentsazioa ezarriko da PFEZn edo Sozietateen gaineko Zergan. Gaur arte Foru Ogasunak 42 prestakuntza-jardunaldi egin ditu Batuzi buruz, eta 6.100 profesionalek parte hartu dute. Ogasuneko bulego birtuala, BizkaiBai, urtebete beranduago itxiko da zergadunak Foru Aldundiaren egoitza elektronikora pixkanaka egokitzen joan daitezen.

Barakaldon, 2021eko uztailaren 22an

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko enpresek eta profesionalek Batuz nahitaez ezartzeko 2022ko urtarrilaren 1erako ezarritako epea aldatzeko proposamena helaraziko die Batzar Nagusiei. Aldaketaren helburua epe hori 2024ko urtarrilaren 1era aldatzea eta ordura arte sistema borondatez hatzeko pizgarri berriak ezartzea da.

Proposatzen den konpentsazioa handiagoa izango da Batuz ezarri ahala eta 2022an eta 2023an Batuz ezarriko duten langile autonomoek, mikroenpresek, enpresa txiki eta ertainek baino ezingo dute jaso. Batuz borondatez hartzea hiruhileko bakoitzaren hasieran egin beharko da eta horretarako ad hoc erregistro batean inskribatu beharko da.

Konpentsazioaren progresibitatea honako taula honen arabera ezarriko litzateke:

2022ko urtarrilaren 1etik Batuz ezartzen duten pertsonek zerga-oinarriaren %15eko murrizketa izango dute PFEZn edo SZn 2022ko eta 2023ko ekitaldietan.
2022ko apirilaren 1etik aurrera, konpentsazioa %13koa izango da 2022an eta 2023an.
2022ko uztailaren 1etik aurrera, %11koa 2022an eta 2023an.
2022ko urriaren 1etik aurrera, %9koa 2022an eta 2023an.
2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, %5ekoa 2023an.
2023ko apirilaren 1etik aurrera, %4koa 2023an.
2023ko uztailaren 1etik aurrera, %3koa 2023an.
2023ko urriaren 1etik aurrera, %2koa 2023an.
Konpentsazio horiek PFEZren zuzeneko zenbatespen sinplifikatuan justifikazio zaileko gastuen koefizientea aplikatu aurreko errendimenduaren gainean edo mikroenpresen konpentsazioa aplikatu aurreko oinarriaren eta Sozietateen gaineko Zergan emaitza aplikatzearen arloko zuzenketen gainean aplikatuko dira.

Era berean beste bi urtez luzatuko da, 2023ko abenduaren 31ra arte, profesionalak edo enpresak bere sistema informatikoak Batuzera egokitzeko egiten dituen gastuen %30eko kuota-kenkaria, bai eta horretarako ekipo berriak erosi behar dituenean ere.

Proiektu estrategikoa Bizkaiarentzat

Aldundiak dagoeneko hasi du proposamen hau Batzar Nagusietara eramateko tramitazioa. Proposamena azken hilabeteetan egindako azterketaren emaitza da eta gogoetetan kontuan hartu ditu elkargo profesionalen, enpresa-elkarteen eta aholkulari fiskalen elkarteen ekarpenak, horiek egoera ekonomiko normalizatu batean sistema berrira egokitzeko epe luzeagoa izateko beharra adierazi dutelako.

Beraz, proposamen honen helburua Batuzen borondatezko ezarpena sustatzea da, iruzur fiskalaren aurkako borrokan Bizkaiko proiektu estrategiko gisa, pandemiaren ondorio ekonomiko txarrenak jasaten ari diren enpresa eta profesionalei betebehar erantsirik ezarri gabe.

Batuzi buruz

Batuz funtsezko tresna da Bizkaian iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko eta ezkutuko ekonomiaren esparruan garatzen diren jarduerak azaleratzeko; izan ere, Batuzek enpresek zein langile autonomoek egiten dituzten jarduera ekonomiko guztien zerga-kontrola indartzen du. Batuzek hiru elementu ditu:

Ticketbai-k fakturazioa kontrolatzen du software baten bidez. Software hori faktura guztiak jaulkitzeko unean jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiek erabili beharko dute. Software horrek enkriptatutako kode batekin etiketatuko du faktura bakoitza eta horrela pertsona hori bere fakturazioaren zati bat ogasunari ezkutatzen ari den detektatu ahal izango da. TicketBai softwareak foru ogasunen homologazioa izan behar du, ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko, eta gaur egun merkatuan kontabilitate, kudeaketa eta fakturaziorako 285 programa informatiko daude Ticketbai software bermatzaile gisa ziurtatuak. Gainera, Bizkaiko Foru Ogasunak doako fakturazio-softwarea eskaintzen du, "Egin ezazu zure faktura" aplikazioarekin, Ticketbai softwarea izateak ez dezan gastu erantsirik eragin.
Bigarren elementua Erregistro-Liburua da, enpresek (240 eredua) eta langile autonomoek (140 eredua) egiten dituzten eragiketa ekonomiko guztiak kontrolatzen dituena. Hau da Batuzek negozio bakoitzaren eguneroko kudeaketan eragiten duen aldaketa nagusia; izan ere, bai enpresek bai profesionalek eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua eguneratuta eduki beharko dute Aldundiaren egoitza elektronikoan. Ticketbairen eta erregistro-liburuen bidez, Bizkaiko Ogasunak informazio gehiago eta kalitate hobekoa izango du enpresek eta profesionalek egiten dituzten eragiketa ekonomiko guztiei buruz eta horri esker gastuen simulazioak edo diru-sarreren ezkutaketak detektatu ahal izango dira.
Era berean, informazio hori zergadunaren laguntza hobetzeko erabiliko da; arlo honetan bai enpresek bai profesionalek, igorritako informazio horretatik abiatuta,  euren BEZ, PFEZ edo SZ aitorpenen zirriborroak eduki ahal izango dituzte, Foru Ogasunak berak eginak.
Bizkaiko Foru Ogasuna 2016an hasi zen Batuz proiektua diseinatzen, ELGA, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko egindako gomendioetan oinarrituta eta fakturazioa kontrolatzeko sistemak ezartzeko beste herrialde batzuetan garatutako esperientziak ezagututa.

Ezarpena errazteko zergadunek Foru Ogasunaren informazioa eta aholkularitza dute www.batuz.eus webgunearen bidez. Era berean, orain arte 42 informazio-jardunaldi egin dira  eta horietan profesionalen elkargoetako, enpresa-elkarteetako, merkatarien elkarteetako edo aholkularitza fiskalaren arloko 6.100 pertsona inguruk parte hartu dute.

BizkaiBairen behin betiko itxiera urtebete atzeratuko da.

Eredu berrirako trantsizioa errazagoa izan dadin, Bizkaiko Foru Aldundiak urtebete atzeratuko du BizkaiBai Ogasuneko bulego birtualaren itxiera. Hala, Foru Ogasunarekin egin beharreko izapideak BizkaiBain zein Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan (ebizkaia.eus) egin ahal izango dira 2022ko abuztuaren 1era arte.

BizkaiBai zerbitzutik ebizkaia.eus egoitzarako migrazioa progresiboki egin da 2018tik aurrera, eta denbora horretan, bi egoitzek batera funtzionatu dute. Prozesu hori Ogasuneko bulego birtualaren behin betiko itxierarekin zen amaitzekoa, abuztuaren 1ean.

Ogasuneko egoitza elektronikoaren itxiera atzeratu egingo da zergapekoei beren zerga-betebeharrak betetzen eta sistema batetik bestera apurka-apurka egokitzen laguntzeko.

Iturria: BFA - DFB

SUBIR