Ostegunean, hilak 15, zabalduko da merkataritza eta ostalaritzak Barakaldoko Kontsumo Bonoan izena emateko epea

Udalak 110.000 euro inbertitu ditu herriko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko 22.000 bonu editatzeko, deskontuak eginez

Barakaldo, 2020ko urriaren 13a

Datorren ostegunean, urriaren 15ean, Barakaldo Udalak irekiko du Barakaldo Kontsumo Bonoaren bigarren fasera atxikitzeko epea. Saltokiak eta negozioak Udalak sektorea dinamizatzeko eta osasun-krisiaren ondorioak arintzeko asmatutako kanpaina honetan parte hartzera deituta daude berriro. Udan garatutako fasean bezala, 22.000 bonu jarriko dira guztira atxikitako enpresen eskura, eta berdintasunez banatuko dira parte hartzen duten establezimendu guztien artean. Covid-19k ezarritako Alarma Egoeraren ostean, sektoreari laguntzeko abian jarritako proiektu sortaren barruan kokatzen da ekimen hau.

“Udan lortutako erantzun ona ikusita, ziur gaude herritarrek berriro ere erantzun positiboa emango dutela eta, beraz, merkataritza eta ostalaritza lokalak kanpaina honetan parte hartzera animatzen ditugu”, adierazi du David Solla Sustapen Ekonomikoko zinegotziak.

Sollak gogorarazi duenez, Udalak 110.000 euro inbertituko ditu berriro ekimen honetan, eta 22.000 kupoi jarriko dituzte enpresa eta pertsona autonomoen eskura. Balio nominala 15 eurokoa izango da, baina kontsumitzaileak 10 euro baino ez ditu ordaindu beharko. Horrela, pertsonek 5 euroko deskontua izango dute gutxienez 15 euroko erosketak egiten dituztenean.

Bonuak modu ekitatiboan banatuko dira saltoki eta ostalaritza-lokalen artean, eta, beraz, guztiek irabazi berberak izango dituzte. Lehenengo edizioan 200 saltoki edo hiri-enpresa inguruk eman zuten izena, eta bakoitzak 110 bonu izan zituen bezeroei eskaintzeko. Horrela, Udalak 550 euroko laguntza zuzena eman zuen. 

Parte hartzea zabalik dago nahi duten establezimendu eta enpresa guztientzat, bihar, asteazkena, argitaratuko diren oinarri arautzaileetan jaso diren EEIak kontuan hartuta. Hala, kanpaina honen onuradun izan ahalko dira merkataritza-sektore osoa (supermerkatuak edo 400 m2-tik gorako elikagaien salmenta-azalerak izan ezik), ostalaritza (aldi baterako lokalak eta zerbitzu bereziak izan ezik), konponketak eta zerbitzu pertsonalak (etxeko zerbitzuak ez dira sartzen).

Merkatari eta ostalariek izena emateko epea

Kanpainan izena emateko epea zabalik egongo da oinarriak BBOn argitaratu eta hurrengo egunetik, hau da, urriaren 15eko 00:00etatik urriaren 19ko 23:59ra. Interesa duten establezimenduek eskabide-orria behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, Udalaren Egoitza Elektronikoan eta www.inguralde.eus webgunean eskuragarri.  

Kanpainaren zati gisa, parte hartzen duten negozioek kit bat jasoko dute: kartel bat, non establezimendu parte-hartzaile gisa identifikatuko den kanpainaren irudiarekin, haren baldintzak azaltzen dituen orri bat eta zenbakidun bonuak dituen pakete bat. Ezinbestekoa izango da establezimenduek kartelak lokaleko gune ikusgarri batean jartzea, parte-hartzaile gisa identifikatzeko, eta herritarrek hura aplikatzea eskatu ahal izatea.

Kit horiek jasotzeko puntuak ACE Barakaldo, ABK eta San Bizente merkataritza-elkarteak izango dira, beren establezimendu bazkideentzat. Aurrekoen bazkide ez diren tokiko enpresentzat bilgune bat jarri da Inguraldek Bidegorrian dituen bulegoetan (Dolores Ibarruri pasealekua, B lokala, Ibarra kalearen izkina) kanpainako kitak emateko.

Kitak bilketa hilaren 23tik

Bilketa urriaren 23, 26 eta 27an egin ahal izango da. Une horretatik aurrera, dena prest egongo da herritarrek jakin dezaten eskura dutela lokaleko kontsumoa saritzen duen tresna bat, erosketa edo gutxieneko kontsumoetan (15 euro) 5 euro aurreztuko dituena.

Kanpainaren atxikimenduari buruzko edozein zalantza argitzeko 944 789 400 eta 944 789 395 telefonoak daude eskuragarri.

 

 

SUBIR