Barakaldo Kontsumo Bonoa bihartik aurrera egongo da erabilgarri hiriko 200 establezimendu eta negoziotan

Bonua, erabili behar den lokal berean eskuratu ahal izango da, eta 10 euro ordainduta 15 euroko erosketa egiteko aukera emango du.

Inguraldek, kanpainarekin bat egin duten negozio guztien artean berdin banatuko diren 22.000 bonu emango ditu; zerrenda www.inguralde.eus webgunean kontsultatu ahal izango da

Barakaldon, 2020ko uztailaren 2an

“Barakaldo Kontsumo Bonoa”, osasun krisiak eragindako geldialdiaren ondoren, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreari laguntzeko Barakaldoko Udalak diseinatu duen bonua, bihartik aurrera egongo da erabilgarri kanpainarekin bat egin duten 200 establezimenduetako askotan. Erabiltzaileek kupoia eskuratzen dutenean, 10 euro ordainduta 15 euroko produktuak erosi edo zerbitzuak kontsumitu ahal izango dituzte. 

“Gertuko kontsumoa bultzatzeko oso tresna indartsua jarriko dugu barakaldarren eta bisitatuko gaituzten pertsona guztien, esku”, adierazi du David Sollak, Ekonomia Sustapeneko Zinegotziak, Barakaldo Kontsumo Bonoa kanpainaren aurkezpen ekitaldian. “Gainera, kontsumitzaileei eta negozioei laguntzeko dago pentsatuta eta, ondorioz, oso erantzun positiboa izango du, zalantza barik”. 

200 establezimendurekin atxikitzeko kanpaina amaitu ondoren, bakoitzak 110 bonu jasoko ditu. Horrek 550 euroko zuzeneko laguntza dakar.
Kanpainarekin bat egin duten negozioek bonuak jasotzeko duten epea ostiralean, uztailaren 3an, hasi eta uztailaren 7ra arte luzatuko da. Lehenengo establezimenduek bonuak eskuratzen dituzten unetik (hilaren 3tik aurrera) egongo dira salgai eta, ondorioz, kanpainarekin bat egin duten lokal guztiek eskaini ahal izango dituzte. Parte hartzen duten negozio guztiek kanpainaren kartel identifikatzailea izango dute. Zerrenda osoa www.inguralde.eus webgunean kontsultatu daiteke.

Kanpaina baliatu gura dutenek lokalean bertan eskatu beharko dute bonua erosketa edo kontsumoa egiten duten une berean eta gehienez ere erosketa bakoitzerako kupoi bi eskatu ahal izango dituzte. Gehieneko aurrezpena %33koa izango da. Halaber, bonuak kontsumitzeko epea abuztuaren 15ean amaituko da. 

Establezimenduek izakinak amaitu arte saldu ahal izango dituzte; horregatik, lehenbailehen kontsumitzera animatu gura dira herritarrak, eskaintza aprobetxatu ahal izateko.

Sektoreko ordezkariekin batera kanpainarekin bat egiteko fasearen aurkezpen ekitaldian aurreratu zen bezala, proiektuaren bitartez,  herritarrak kontzientziatzeko deia egiten da, Barakaldoko hiriko enpresari merezi duen balioa emateko, osasun krisialdiak eragindako zailtasunen ondoren, batez ere. Era berean, hiri-inguruneaz gozatzeko aukera emango duen hiri-eredua bultzatzearen aldeko apustua egiten da, merkataritza  eta ostalaritza eskaintza sendoaren bitartez.

Ziurrenez udazkenean bigarren fasea izango duen kanpaina parte hartzen duten negozio guztientzat berdina delako –guztiek bonu kopuru bera jasoko dute–, eta Inguralderen diru-laguntza eskuratzeko aukera bera izango dutelako –5 euro bonu bakoitzeko– bereizten da aurreko ekimenetatik. Modu azkarragoan erabiliko dira, kontsumitzen duenak prezioaren heren bi ordaintzen baititu, eta horrek negozioaren likideziari lagunduko dio.

Ahalik eta negozio kopuru handienaren partaidetza errazteko prestatu den ekimenaren oinarriek adierazten dutenez, hala gura duten establezimendu eta enpresa guztiek hartu ahal izango dute parte, Alarma Egoeran itxita egon ala ez. Horrela, merkataritza sektore osoak, ostalaritzak, konponketek eta zerbitzu pertsonalek eskuratu ahal izango dituzte kanpainaren onurak.

Ekimena, Barakaldoko Udalak COVID-19aren krisiari aurre egiteko hainbat esku-hartze mailatan bultzatutako neurri sortaren parte da. Horrela, balio nominal txikiko bonuak sortzearen aldeko apustua egin da, prezio txikiko produktuak edo zerbitzuak saltzen eta ematen dituzten negozioak ere neurri horretaz baliatu ahal izateko.

Izan ere, kanpaina martxan jarri aurretik, Barakaldoko Udalak hainbat bilera egin ditu merkataritza eta ostalaritza elkarteekin, eta bilera horietan sektorearen ideiak eta proposamenak jasotzeko aukera egon da, ekimena modu egokian gauzatu ahal izateko. 

SUBIR