Gaurtik aurrera eskatu ahal izango dute hurrengo faserako, terraza jartzeko lizentziarik ez daukaten ostalaritza lokalek

Madrilek ezarritako aginduari jarraituz, terrazak eta mahaitxoak egiteko azalera handitzeko eska dezakete egungo 1. fasean, alarma egoeraren aurreko terraza baimena duten Barakaldoko ostalariek. Banan-banan eta malgutasunez aztertzen ari da Barakaldoko Udala nola arindu Covid-19aren karietara sektoreak bizi duen egoera. Behin-behinekoak dira ezarri diren irizpideak, deseskaladak dirauen bitartean erakundeek dekretatutako aldaketei men egin beharko baitzaie.

Terraza baimenik ez duten tabernariek gaurtik aurrera eska dezakete, negozioa hurrengo fasera egokitzeko.

Barakaldoko Udalak lizentziak emateko prozesua ezarri du, bai deseskalatzeko fase berriari begira terraza berriak jartzeko, bai alarma egoeraren aurretik baimendutako terrazen espazioa handitzeko. Ezohiko, behin-behineko eta aldi baterako neurriak dira, eta  Madrilgo gobernuak dekretatutako SND/399/2020 aginduan jasotzen dira: alde horretatik, Udalak kasu bakoitza banan-banan eta malgutasunez aztertuko du, Covid-19aren ondorioz sektoreak bizi duen egoera zaila arintzen saiatzeko.

Hori horrela, gaur egun terraza-baimenik ez duten ostalariek beren lokalen egokitzapena hurrengo fase deseskalatura aurreratzeko eskaera egin dezakete. Izan ere, Estatuaren aurreikuspenen arabera, 2. fasean lokalak eta haien instalazioak modu mugatuan ireki ahal izango dira; beraz, irizpidea aldatu ezean, zerbitzu hori baimendu ahal izango zaie, hala badagokio, halakorik ez duten lokalei, terrazak dagoeneko martxan dituztenak handitzeko erabiltzen ari diren irizpide berak aplikatuta. "Fasez aldatu arte ezin izango dira terraza berri horiek ireki, baina kasu bakoitzean egin nahi dugun lan zehatza aurreratzen joan gaitezke, lokal bakoitzaren aukerak aztertuz, eta horrela, 2. fasean sartzen diren unean jarduerari ekiteko prest egon daitezen", azaldu du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak.

TERRAZAK ZABALTZEA
Barakaldo joan den astean sartu zen 1. fasean, eta horri esker, terrazak ireki dituzte okupazioaren % 50ean. Gainera, alarma egoeraren aurretik eskatutako eta emandako terraza-baimena duten ostalariek baimena handitzeko eska dezakete. "Aurkeztutako eskaerak banan-banan aztertuko dira, eta kasu bakoitzerako neurri eta irtenbide partikularrak hartuko dira, ostalariei ordezko irtenbide bat eskainiz, proposamena bideragarria ez bada", azaldu du Del Campok. "Gure helburua da sektoreari ahalik eta gehien laguntzea, osasun-krisiak uzten digun egoera zail honetan, eta betiere kontuan hartuta behin-behineko irizpideak direla, eta erakundeetatik ezartzen diren arauetara egokituz joan beharko dutela", azpimarratu du.

Terrazekin zerikusia duen edozein lizentzia egiteko, berariazko atal bat jarri da interesdunen eskura Udalaren Egoitza Elektronikoan. Atal horretara sartzeko, www.barakaldo.eus webgunera edo Barakaldo App doako mugikorraren aplikaziora jo daiteke. Zuzenean sartzeko esteka,

Gaur arte, terrazak handitzeko hogeitik gora eskaera jaso ditugu, eta dagoeneko aztertzen dihardute teknikariek.

SUBIR