Inguraldek Barakaldoko ETE-en lehiakortasuna sustatzeko BKenpresak programa jarri du martxan

Bkenpresak programak lan-bitartekaritza, diagnosia eta dinamizatzeko jarduerak eta kudeaketa hobetzeko aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkie udalerriko industriagunean kokatutako enpresei

Barakaldo, 2018ko ekainaren 19a

Barakaldoko Udalak Inguralde-garapen agentziaren bidez, BKenpresak programa jarri du abian, udalerriko industriaguneetan (Urban-Galindo, Beurko, Kareaga, Zubileta eta Burtzeña) kokatuta dauden eta udalerriko ekonomia jarduera eta enplegua sortzen diharduten  enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna bultzatzeko xedez.

BKenpresak programak ETE-en hazkundea bultzatu nahi du, eta horretarako, beren-beregi diseinatutako zerbitzu-zorroa prestatu du, lehiakortasunaren hobekuntza errealitate bihur dadin. Alor horretan espezializatutako Inguraldeko profesional-talde bat arituko da enpresarekin batera egoeraren eta jardueraren diagnosia egiten.   Ondoren, enpresaren hazkunde-premiei egokitutako zerbitzu-zorroa eskainiko zaio enpresari.

"ETE-ek garrantzi handia dute gure ekonomian, aberastasun eta enplegu sortzaile diren aldetik. Programa honen bidez, hazkundean laguntzeko zenbait neurri eskaini nahi dizkiegu, bide batez Barakaldoko gizartearen eta ekonomiaren garapen handiagoa ere lortzeko" zehaztu du Amaia del Campo alkateak.

HIRU JARDUERA-ARDATZ

BKenpresak programaren lehenengo jarduera-ardatza enpresen beharrizanetara egokitutako langile kualifikatuak lortzeko lan-bitartekaritzaren zerbitzua ematean datza.  ETE-ei Kontratazioetarako Laguntzen programari, bekei, praktikei, topaketei eta lankidetza-proiektuei buruzko informazioa emango die, eta gainera, enplegu-agentzia gisa ere jardungo du, Lanbiderekin eta alor horretako beste instituzio batzuekin batera.

Bigarren ardatzak enpresa-kudeaketa hobetzeko aholkularitza zerbitzua ematea du xede, eta horretarako, aditu bat jarriko da enpresaren zerbitzura, ebaluazio bat egin, hobetzeko alorrak identifikatu, eta kudeaketa aurreratuaren aldeko plan bat gara dezan.

Hirugarren jarduera-ardatzak enpresa-sarea suspertzeko eta lankidetza sustatzeko dinamizazio ekintzak antolatzea du xede, hala nola enpresa-foroak, ETE-entzat gaurkotasuna duten gaiei buruzko jardunaldiak eta jardunbide egokien aintzatespena. Lehenengo ekintza irailerako programatu da.  Zibersegurtasunari buruzko jardunaldia izango da eta Basque Cibersegurity Centre sortu berriarekin batera antolatu da.

Enpresei zuzendutako aholkularitza eta dinamizazio lanean Inguraldek beste erakunde batzuekin batera jardungo du (Merkataritza Ganbera, Bizkaiko Foru aldundia, Innobasque, Spri) ETE-ek etengabeko hobekuntzarako programa eta ekimenetan parte-hartzea errazago izan dezaten. 

.

SUBIR