Barakaldoko Udalak hiria sustatzeko kanpaina bat jarriko du abian Makina Erremintaren Biurtekoan

Ekimenak xede du merkataritza, ostalaritza eta kultura arloan hiriak duen erakargarritasuna erakustea azokara joango diren bisitariei eta inguruko jendeari. Merkatariek eta ostalariek ere parte hartu dute ekimenean

Barakaldo, 2018ko apirilaren 23a

Makina Erremintaren Biurtekoa aurten ere BEC-en izango da maiatzaren 28tik ekainaren 1era. Egun horietan, erakusketarien eta bisitarien artean 40.000 lagunetik gora izango dira azokan, Bilbao Exhibition Center-en azoka-egutegiko azokarik garrantzitsuenetako bat baita. Barakaldoko Udala amaitzen ari da hiria sustatzeko kanpainaren azken xehetasunak. Ostalaritza, merkataritza eta kultura arloan hiriak duen erakargarritasuna bisitariei, erakusketariei eta inguruko jendeari erakustea da kanpainaren xedea.

 

Ekimenak merkataritza eta ostalaritza sektorearen laguntza du.  Europan, makina erreminta sektorean, garrantzi handia duen azoka honetara datorren jendeari hiriak jatetxe, erosketa eta aisia alorrean duen benetako aukera eskaintzea du xede `Barakaldo Shopping, Gourmet & Events' ekimenak.

Gaur elkartu da merkataritza mahaia, eta eztabaidatu beharreko gaien artean, kanpainako aurrerapenak eta merkataritza eta ostalaritza sektoretik iritsitako proposamenak bideratzeko bideak ere jorratu dituzte, ondoren, programan sartzeko.  "Egun horietan, hirian jarduera ugari egingo ditugu, azokara datorren jendea, bai eta ondoko udalerrietako biztanleak ere hirigunera etor daitezen erostera, jatera, kopa edo pintxoak hartzera eta kontzertuez eta jarduera kulturalez gozatzera" esan du Barakaldoko Udaleko garapen agentziako lehendakari Danel Solak.

TURISMO INFORMAZIORAKO GUNEA ETA JARDUERA UGARI

Barakaldoko Udalak Turismo Bulegoa izango du BEC-en azoka-egunetan, kanpainara atxikitako ostalaritza eta merkataritza establezimenduen berri emateko bisitariei, bai eta udalerriko interes turistiko eta kulturaleko guneei buruzko informazioa ere. Eskuorriak eta informazio-mapak ere banatuko dira.

Halaber, establezimendu parte-hartzaileek antolatzen dituzten ekimenez gain, Herriko Plazan gastronomiari buruzko zenbait jarduera egingo dira, eta kontzertu bat ere emango da.

Bestalde, ostalariak eta merkatariak egun horietarako deskontuak eta menuak prestatzen ari dira, bai eta pintxo bereziak ere.

Kanpainarako webgune bat prestatuko da edozein momentutan  kontsultatu ahal izateko jarduerak, bai telefonoz, bai gailu mugikorrez.

SUBIR