Barakaldoko bizilagunak Enplegu Planera errazago sartzeko informazio-saioak hasi dira

Juan Antonio Pizarro zinegotziaren ustez, Inguraldek antolatutako bilera horiek tresna eraginkorrak dira langabezian dauden bizilagunak orientatzeko.

Barakaldo, 2021eko irailaren 13a.

Juan Antonio Pizarro Inguralde Garapen Agentziako Enplegu zinegotzi ordezkariak iragarri duenez, hirugarren urtez jarraian informazio saioak egingo dituzte Barakaldoko herritarrek hurrengo Enplegu Planera (2021-2022) sarbidea izan dezaten.

Saio hauek aste honetan bertan hasiko dira eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena Inguraldeko Enplegu Zentroan. "Informazio-saioak tresna eraginkorrak dira, langabezian dauden bizilagunak orientatzen dituztelako eta Enplegu Planean eskainiko ditugun lanpostuetarako sarbidea errazten dutelako. Aldi baterako lan esperientzia honi esker, errazagoa izango da lan merkatuari berriro lotzea eta enplegu egonkorra aurkitzea ", azaldu du Pizarrok. 

Informazio-saioetarako interesa dutenek Inguraldeko enplegu-zentroarekin jarri behar dute harremanetan, Innobak Beurko eraikineko instalazioetara joanda (Dolores Ibárruri pasealekua, 82- Beurko Zaharra. 38. pabiloia) edo 944 189 044 telefonora deituz. Bilera horiek Lanbideren diru-laguntzak eman arte egingo dira, kontratazioei ekin ahal izateko. Lanbide Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren mendeko erakundea da, Idoia Mendia lehendakariordeak zuzentzen duena.

Informazio-saioak Inguraldeko jendaurreko ordutegiaren barruan egingo dira; irailean, 09:00etatik 13:00etara. Eskariaren arabera finkatuko da bilera-kopurua, eta bilera horietan agintariek ezarritako osasun-neurriak errespetatuko dira, Covid-19 hedapena saihesteko.

160 PLAZA
Juan Antonio Pizarrok gogora ekarri duenez, Barakaldoko 2021-2022 Enplegu Planak 160 pertsona zuzenean kontratatzea aurreikusi du (gazte plana batuta), 4 eta 8 hilabete bitartean. Guztira, 68 proiektu garatuko dira.

Inguraldeko Enplegu zinegotzi delegatuak barakaldarrak animatu ditu informazio saioetan parte hartzera edo, gutxienez, Lanbiden lan eskaera eta curriculuma eguneratzera. "Garrantzitsua da informazioa eguneratzea, Lanbidek berak egiten duen Enplegu Planerako hautagaien hasierako hautaketa egin ahal izateko. Inguralden antolatzen ditugun bileretan xehetasunez ezagutu ahal izango dira sortuko diren lanpostuak eta lanpostu horiek lortzeko baldintzak ", adierazi du Pizarrok. 

 

SUBIR