Zabaldu du Barakaldok Enpleguaren Udal Planeko Big Data eta Marketing Digitala gizarteratzeko ibilbideetan parte hartzeko inskripzio epea

Ibilbideek barne dauzkate kontratazioetarako laguntzak eta prestakuntza, inguruko enpresetan parte hartzen dutenen kontratazioa susta dadin. Interesa dutenek Inguraldeko Enplegu Zentroan eta haren web orrian eska ditzakete argibideak.

Barakaldo, 2019ko irailaren 11a

Zabalik du dagoeneko Barakaldoko Inguralde Garapen Agentziak Big Data eta Marketing Digitala programetan parte hartu ahal izateko izen-emate epea; ibilbide biak enplegua lortu edo hobetzera bideratuta daude; helburua, beraz,  profesionalak behar diren arloetan langabetuak trebatu eta gaitzea da edota enplegua hobetzea, prestakuntza eta enplegugarritasunaren bidez.  

Ibilbideotan 20 lagunek hartu ahal izango dute parte,  `Lan up' Udal Enplegu Planaren barruan. Aurrekontua 410.000 eurokoa da, eta Barakaldoko Udaleko funtsek ordainduko dute guztia. Helburuak, berriz,  Inguraldeko buru David Sollak azaldu duenez, "enplegu gabe dauden herritarrek lana lortzea, enpleguaren kalitatea eta egonkortasuna areagotzea eta profesional eskea dagoen sektoreetan lan aukerak sortzea".  Proiektua interesgarria da, gainera, "enpresa-ehunerako eta haren lehiakortasunerako ez ezik tokiko ekonomia garapenerako ere, eskualdeko enpresek aukera izango dutelako gaur egun negozio jardueran hain garrantzitsuak diren alor horietan langile adituak izateko", erantsi du Inguraldeko buruak.

Parte hartu nahi dutenek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan egon behar dute enplegu eskatzaile edo enplegua hobetzeko eskatzaile gisa izena emanda. Eskatzailearen profila: edozein adinetako pertsonak, soziologia, estatistika, enpresa zientzia, enpresa administrazio eta zuzendaritza, soziologia, kazetaritza, historia eta filosofia alorretan dihardutenak, titulaziodunak nahiz gabeak.  Prestakuntzaren bidez, beren gaitasun profesionalak  birkualifikatzea lortuko dute.  Ibilbide biei buruzko informazioa Inguraldeko web orrian (www.inguralde.eus) agertzen da, bai eta Beurko Innobak Enpresak zentroan dagoen Enplegu Zentroan ere (Dolores Ibarruri pasealekua, 82. Beurko Zaharra, 38 pabilioia).

Big Data ikastaroa 120 orduko da, eta asteartetik ostegunera emango da, 15:30etik 21:30era, Inguralden.  Irailaren 17an hasi  urriaren 31n amaituko da. Izen-emate epea irailaren 13ra arte egongo da zabalik.

Marketing Digitalarena ere 120 ordukoa izango da, baina goizetan emango da 9:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera.  Irailaren 23an hasiko da eta urriaren 24an amaituko. Irailaren 18a da izena emateko azken eguna.

Lan Up proiektuak kontrataziorako laguntza lerro bat dauka, planaren jarduketa alorretako profesionalak laneratu beharra daukaten enpresetarako.  Are gehiago, hobari horrekin,  kontratatzeko moduan dira dagoeneko robotika eta fatxadak birgaitzeko ikastaroetan parte hartu dutenak. Sei hilekorako gehienez izango dira diruz lagunduak  Laguntzei buruzko argibide gehiago nahi duten enpresek Inguraldeko Enplegu Arloarekin jar daitezke harremanetan.

LEHENENGO FASEA  ARRAKASTATSUA

Uztailean amaitu zen udal enplegu planaren lehenengo fasean 18 lagun langabetuk jaso zuen robotika industrialeko eta fatxadak birgaitzeko prestakuntza.  "Gizarteratzeko ibilbide biei etekin handia atera diete, eta oraintxe zortzi lagunen kontratazioa kudeatzen ari gara. Badira, gainera, beste partaideekiko interesa agertu duten enpresak. Horregatik animatu nahi ditut herritarrak Big Data eta Marketing Digital ibilbideetan izena ematera, aukera paregabea izan baitaiteke beren etorkizun profesionala arrakastatsua izan dadin", azaldu du David Sollak.

Robot industrialak erabili eta programatzeko hastapen ikastaroak lanbide teknikoen alorreko goi mailako tituludun diren 30 urtetik gorako hamar profesionalei eskaini die prestakuntza esperientzia, robot industrialen programatzaile modura lan egiteko.  Ibilbidea 120 ordukoa da; lehenengo 100 ordutan, Europan gaur egun indar handiena duten ABB, FANUC eta KUKA marketako robotekin aritzeko prestakuntza eman da, bai eta Universal Robots robot kolaboratiboarekin aritzeko zenbati nozio ere. Beste 20 orduak, berriz, Lan Arriskuen Prebentzioko oinarrizko prestakuntzarako erabili dira, bai eta robot programatzaile lanpostuari berariaz dagokion prestakuntzarako ere.  

Fatxadak birgaitzeko prestakuntza ibilbidean, bestalde, eraikuntzaren sektorean eskarmentua duten 30 eta 60 urte bitarteko 8 langabek hartu dute parte. Efizientzia energetikoko irizpidedun eraikinak birgaitzeko lan merkatuaren ateak zabaltzea zuen ikastaroak helburu. Eraikuntzako Lan Fundazioak emandako 120 orduko ikastaroan hartu dute parte, fatxada aireztatuak muntatu eta mantentzen ikasteko ez ezi isolamendu eta inpermeabilizazio lanak egiten ikasteko ere. 

 

SUBIR