Barakaldok 128 langabetu kontratatzeko enplegu plan berri bat aurkeztu dio Lanbideri

Udalak egindako proiektuak aurten handitu egin du programa eta onuradunen kopurua

Urrian abiaraziko da hautatze prozesua

 

 

Barakaldo, 2017ko irailaren 29a

Barakaldoko Udalak 2017ko amaierarako eta 2018rako enplegu plan berri bat garatzeko diru-laguntza eskatu dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.   Diru-laguntzaren zenbatekoa 1.310.000 eurokoa da, eta kopuru horri 224.000 euroko udal ekarpena gehitu behar zaio.

Inguraldek-Udalaren garapen agentziak- egindako proiektu horrek 128 langabe barakaldarren onura lortu nahi du. Horietako 102 zuzeneko kontratazioen bidez egitea espero da, eta gainerakoak Barakaldoko enpresei zuzendutako  kontratazioetarako laguntza programaren edizio berri baten bidez egitea da asmoa. “Udal gobernuaren lehentasunetako bat lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiagoak dituzten kolektiboei aukerak ugaritzea da, beraz, aurten kontratazio eta programa kopuruak handitu egin ditugu" adierazi du Barakaldoko alkate Amaia del Campok.  Izan ere, zuzeneko kontratazioetan 9 lagun gehiago jarri dira, hortaz, aurreko enplegu planean 93 azaltzen ziren, eta dokumentu berrian, 102.  

Programak genero ikuspegia ere kontuan hartuko du, eta kontratatutakoen % 40 gutxienez, emakumeak izango dira. Halaber, laneratzeko zailtasunak dituzten beste kolektibo batuk ere lehenetsiko dira, hala nola 35 urtetik beherakoak, 45etik gorakoak, iraupen luzeko langabeak eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak jasotzen dutenak.

Urrian abiaraziko da hautatze prozesua. Enplegu zentroan (Dolores Ibarruri pasealekua-bidegorria) jaso daiteke eskatzen diren programa eta lanbide-profilari buruzko informazioa.

PROGRAMA KOPURU HANDIAGOA

Barakaldoko Udalak 25 programa aurkeztu dizkio Euskal Enplegu Zerbitzuari –aurreko urtean baino 7 gehiago-, 3-5 hilabetekoak, eta 2017ko abendutik 2018 ekainera bitartean burutu beharko dira.  

Programen zerrendan honako kontratazio hauek azaltzen dira: kontrolik gabeko zabortegiak desagerrarazteko 5 lagun, Larrazabal auzoan eskola-museoa egiteko lagun bat, eguneroko elementuak (bankuak, oinezkoen pasabideak eta paperontziak) margotuz eta apainduz `artea kalera ateratzeko´ bi lagun, eta Munoa finkan paisaia arloan esku-hartzeko beste lagun bat. Bestalde, programak KIUBen eta Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) proiektu espezifikoak egiteko langabeak hartzea ere aurreikusi du.  Gainera, teknologia berrien erabilera sustatzeko lagun bi kontratatzea ere espero da.

Lanbidek oraindik ebatzi barik duen Barakaldoren proposamenean ondoko programa hauek azaltzen dira: hiri jagoleak, ikastetxeak pintatzea, hiri altzariak mantentzeko lana, berdeguneak berreskuratzea, argiteria publikoa hobetzea, udal etxebizitzak birgaitzea, euskararen erabilera eta herritarren parte-hartzea, bai eta gazteen emantzipaziorako laguntza.

BERRIKUNTZAK KONTRATAZIORAKO LAGUNTZETAN

Barakaldok aurkeztutako Enplegu Planeko proiektuak 183.000 euroko laguntza ekonomikoa ere badu kontrataziorako laguntzetan, eta horri esker, 26 pertsona ingururen kontratazioa sustatu nahi dugu.  

Aurten deialdiak berrikuntzak ditu aurrekoarekin alderatuz. Gauzak horrela, laguntzak Barakaldoko enpresetarako bakarrik izango dira –aurreko urteetan Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak izan zitezkeen-. Beste nobedade bat da hiru hilabeteko kontratuek diru-laguntza izan dezaketela, eta kontratatutako pertsonen lanaldia partziala izan daiteke.

SUBIR